Gau Beltza gogotik ospatu dute Orion

Onintza Lete Arrieta 2023ko urr. 31a, 21:37

Haur eta gaztetxoak 17:30erako hasi dira gozoki eskean herriko saltokietan, eta plazan giro polita sortu da Gau Beltzaren harira: aurpegi margoketak eta marrazki margoketak izan dira aurrena, eta dantzaldia, gero.

Iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurtengoan ere urriaren 31rako Gau Beltza antolatu du Txurrumuskik Orioko Herri Ikastolarekin eta Zaragueta Herri Eskolarekin elkarlanean. 17:30ean jarri dute hitzordua Herriko Plazan, eta haur eta gaztetxoak makillatzeko gunea jarri du aisialdi taldeak.

Ondoren, haurrek eta gaztetxoek festarekin bat egin duten establezimenduetan eskean ibiltzeko aukera izan dute. Hain zuzen ere, honako merkatari hauek parte hartu dute Gau Beltzean: The Pass, Zipristin, Izarra, Olatu, Abeslari kaleko Al-Rai supermerkatua, Txinatar bazarra, Carmen arrandegia, Itziar kirolak, Mara, Argiñe, Gozategi, Iparragirre autozerbitzua, Ontza eta Eusko Gudari kaleko Eroski.

Askok ezin izan dute 17:30 arte itxaron, eta lehenago hasi dira gozoki eskean herriko saltokietan.

Bien bitartean, plazan txokolatea banatu dute bi ikastetxeetako gurasoek, eta 19:30etik aurrera dantzaldia ere izan da Joxe Mendizabalen eskutik.

Askok Gau Beltza kanpoko festa dela uste badute ere, Euskal Herrian ere ospatu izan dela gogoratu du Orioko Udalak. "Tradizioz, arimen gaua izaten zen Santu Guztien Egunaren bezperan. Gurean ere ohitura zegoen kalabazak edo arbiak barrutik hustu, aurpegi itxura eman eta kandela txiki bat sartzeko. Ondoren, bide bazterretan jartzen ziren, bizilagunak beldurtzeko. Erritu horietako asko galtzen joan dira, eta batzuk berreskuratzeko eta berriak sortzeko ahalegina egiten ari dira azken urteotan zenbait herritan". Horregatik, arimen gauarekin bat egitera gonbidatu dituzte herritarrak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!