Tabuarekin hausteko heriotza naturalizatzen

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 1a, 10:30

Hiltzeak eragiten duen beldurrari aurre egin eta gaia mahai gainean jarriko dute aurten ere Zainbizi eta Zarautz Herri Zaintzailea elkarteek. Heriotzari Bizitza Ematen jaialdiarekin bat egin dute laugarren urtez.

Santu Guztien Eguna izanik, heriotza izango da gaurko hizketagai nagusia familia askotan. Halaber, herritar askok eta askok kanposantura bisita egingo dute hildako senide eta lagunak oroitzeko. Bada, heriotzari eta hiltzeari buruzko elkarrizketak gaurko egunetik harago luzatzeko, Heriotzari Bizitza Ematen jaialdia antolatu dute aurten ere Euskal Herriko nahiz Espainiako hainbat txokotan; tartean, Orion. Azaroaren 5era arte iraungo du.

Zainbizi eta Zarautz Herria Zaintzen elkarteak izan dira laugarren urtez egitasmoa Oriora ekarri dutenak, eta dagoeneko abiatu dute, nahiz eta deialdi orokorra gaurtik hilaren 5era den. Astelehenean inauguratu zuten Hil aurretik nahi dut... horma Oteizaren Pietatea eskultura dagoen txokoan, herritarrek hil aurretik egin nahi dituzten ekintzak idatz ditzaten, eta batzuek egin dute jada.


2020an jaialdia Orion antolatzen hasi zirenetik beti jarri izan dute horma, eta zergatia azaldu du Amaia Gozategi Zainbizi elkarteko sortzaile eta presidente oriotarrak: "Iruditu zitzaigun eskaintzen zuela modu erraz bat komunitatean heriotzaren gaia suspertzeko. Gainera, Hil aurretik nahi dut... esaldia bera zirikatzailea da, eta esamoldeak bultzatzen du eragin nahi dugun hausnarketa hori egitera. Era berean, esan behar dut lehenengo urtean nolabaiteko shocka eragin zuela, pandemia bete-betean geundelako, eta heriotzarekiko izua are handiagoa zelako bizilagunen artean. Horregatik, hainbatek esan zidaten akaso ez zela garairik egokiena halako ekintzak egiteko zak egiteko. Guk, ordea, kontrakoa pentsatzen genuen, inoiz baino beharrezkoagoa zela, jende asko zegoelako heriotzaren gaia sekula mahai gainean jarri ez zuena eta gure asmoa ez zelako sufrimendua helaraztea, baizik eta min horri irtenbidea emateko tresnak eskaintzea".


Heriotza mahai gainera ateratzeko ariketari lotuta, Gozategik azpimarratu du "gizarte osoari" eragiten dion gaia dela, eta horregatik dela garrantzitsua hari buruz hitz egitea. Azken horren harira, uste du heriotzak "tabu" izaten jarraitzen duela oraindik. Hori horrela, Zainbiziko presidenteak iritzi du beharrezkoa dela "pedagogia gehiago" egitea. Gainera, azpimarratu du kalean ez ezik, ikastetxeetan ere egin behar dela lanketa hori: "Zainbizi elkartean ezinbestekoa iruditzen zaigu txiki-txikitatik erakustea haurrei zer den maite duzun norbait hiltzea, izan ere, gai dira ulertzeko azalpen egokia ematen bazaie. Horregatik, ez da komeni esatea aitona, amona edo dena delakoa joan egin dela, pentsatuko duelako itzuli egingo dela. Hil egin dela esan behar zaio, Heriotzari buruzko gutxieneko lanketa egin duten irakasleek ere esan digute emaitza zoragarriak lortu dituztela ikasleren bati senideren bat hil zaionean".

Doluaren kudeaketa


Ildo beretik, Gozategik dio, beste edozein gairekin gertatzen den bezala, heriotzaz gehiago jakiteak "baliabide gehiago" eskaintzen dituela dolu prozesuak kudeatzen laguntzeko, adibidez. Are gehiago, kontrakoa gertatzen dela uste du: "Beldurra ematen digun gaia denez eta inoiz ez garenez jarduten hari buruz, tresnak falta zaizkigu".

Nolanahi ere, hark dio dolua ez dela "matematikoa"; izan ere, "norbanako bakoitzari ez dio modu berean eragiten pertsona edo maskota maitatu baten galerak, eta bakoitzak desberdin kudeatzen du mina. Hori bai, min horrekin konektatzea beharrezkoa da mina metagarria delako, eta ihes eginda ere, lehenago edo geroago agertuko delako".

Era berean, joera aldaketarik ere ikusten du Gozategik gaurko eguna hildakoak gogoratzeko baliatuko duten herritarren artean; izan ere, guztiak ez dira hilerrira joango: "Gizartea asko ari da aldatzen, eta, ondorioz, baita ohiturak ere. Ziurrenik jende heldua eta adinekoak ikusiko ditugu hilerrian, batez ere, baina horrek ez du esan nahi gazteak hildakoez oroituko ez direnik. Bestelako erritualak dituzte, eta askotan nahiago dute hildakoak gustuko zuen nonbaitera joatea hura gogoratzeko; mendia gustuko bazuen, mendi buelta bat egitea, esaterako. Askotan pentsatzen dugu jende helduari soilik eragiten diola heriotzak, eta esan dezaket gero eta gazte jende gehiago gerturatzen zaigula gaian interesa duelako".

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!