Hainbat argi berri jarriko dituzte gabonetan kaleak apaintzen

Andrea Zipitria 2023ko aza. 19a, 13:00

Argiak auzoetara zabaltzea da asmoa. Hala, berrikuntza gisa, Anibarko Portuko platanondo handiak apainduko dira. Herrigunea iazko argi berberek apainduko dute.

Aste honetan hasi dira udal brigadako langileak gabonetako argiak jartzen, eta dagoeneko ikus daitezke herriko hainbat kaleetan; Kale Nagusian eta eliza inguruan, esaterako. Zentzu honetan, udaletik azaldu dutenez, argi berri batzuk izango dira tartean. Arkupek abenduan egingo duen kanpainan emango du argi horien berri.

Dena den, aurreratu dutenez, aurreko urteetako eredua jarraituko du udalak, eta herriaren izaerarekin lotutako argi eta apaingarriak jarriko ditu. Horrez gain, herrigunetik kanpo, auzoetara zabaltzea da asmoa.

Iaz bezala aurten ere, Anibarko Portuan Gabonetako argiak jarriko dira, eta berrikuntza gisa, platanondo handiak ere apainduko dituzte. Abaromendiren kasuan, aldiz, aurten aurrenekoz jarriko ditu udalak, eta auzoaren sarrerako biribilgunea eta beste zeinbait gune apainduko ditu.

Herriguneari dagokionean, iaz jarritako argi berberak instalatuko dira. Datozen egunetan instalatuko dira Mutiozabal ontziolako, baporeetako, Eusko Gudariak kaleko, Herriko Plazako eta biribilguneetako apaingarriak.