Orioko organoaren muina barrutik kanpora

Andrea Zipitria - Urtzi Oteiza - Aiora LarraƱaga 2023ko aza. 21a, 13:15

2013an zaharberritu zuten Orioko elizako organoa; eraldaketa garrantzitsua egin zioten hainbat funtzio bete zitzan: mezak emateko, kontzertuetarako eta organo didaktiko gisa balia zedin, hain zuzen.

Orioko Nikolas Deunaren parrokiako organoa bertatik bertara ezagutu zuten larunbatean hainbat herritarrek, Xabier Lizaso piano jotzaileak gidatu zuen saio didaktikoan. 2013an zaharberritu zuten organoa, eta "oso organo polita" geratu zela nabarmendu zuen Lizasok. "Gipuzkoan badira oso organo onak: Donostiako Santa Maria basilikakoa eta Azkoitikoa, esaterako. Oriokoa ez dut esango horien mailan dagoenik, baina ikaragarri gerturatu da. Gaur egun Gipuzkoan egiten diren organo zikloen barruan sartzen da orain Orio, eta hemen oso kontzertu onak eskaintzen dira", azaldu zuen.

Orioko organoa hainbat funtzio betetzeko diseinatu zela  azaldu zuen piano jotzaileak: elizkizunetarako, organo didaktikoa izateko eta kontzertuetarako. "Organo zaharra ia osotasunean eraldatu zen. Txikia zen eta oso zaharkituta zegoen; beraz, hondatuta zeuden hodiak kendu eta berriak jarri zitzaizkion, organo konpletoagoa osatuz". Kanpoko itxura ere aldatu zitzaion, eta badu berezitasunik: itsasoak herriarekin duen lotura islatzen du. "Organoaren zaharberritze proiektua gauzatzeko lehen urratsak egiten hasi zirenean, Madrilen bizi nintzen, eta hasierako proiektua erakutsi zidatenean, oso klasikoa iruditu zitzaidan. Unai Manterola parrokoarekin hitz egin nuen; banekien bera nahiko modernoa zela, eta zer iruditzen zitzaion galdetu nion. Bera ere nire iritzi berekoa zen, eta beste diseinu bat egiteko eskatu genien". Lau-bost aukera proposatu zizkieten, eta gaur egungo diseinuarekin geratu ziren. "Anjel Lizaso zena sakristau lanetan ibiltzen zenean, eliza irekita egoten zen goizetan, eta Done Jakue bidea egiten ari ziren erromes asko etortzen ziren eliza bisitatzera. Hark kontatzen zuen elizara sartu eta aldare aldera begiratutakoan, eliza ederra zela iruditzen zitzaiela, baina buelta eman eta korura begiratzen zutenean, aurpegia aldatzen zitzaiela, bertan ikusten zuten organo ikusgarriarekin liluratuta. Beraz, inpaktu handia du organoaren estetikak. Oso polita da".

Funtzio didaktikoa

Orioko organoaren kultur balioa ere nabarmendu zuen Lizasok. "Orio herri kantaria eta musikazalea izan da beti, eta oso musikari onak egon dira elizaren bueltan. Musika maila oso handia zegoen elizan. Aita urteetan izan zen Orioko organo jotzailea, eta hark kontatu zidan, Erromara joan ziren batean, ohartu zela Orion jotzen zuten errepertorioa Erroman eskaintzen zuten bera zela. Gainera, haurrek umetatik oso maila handiko obrak kantatzen ikasten zuten elizan. Orain pentsa ezina litzateke maila hori izatea".

Herriko kultur ondarea zabaltzeko asmoz eman zioten funtzio didaktikoa Orioko organo berriari, eta horretarako hainbat berezitasun ere txertatu zizkioten: "Behar zena baino 60-80 zentimetro zabalagoa egin genuen, organoa ezagutzera etortzen ziren bisitariak lasaiago egon zitezen. Gainera, zenbait pieza beirarekin eginak daude, barruko berezitasunak ikusi ahal izateko". Hauspoaren motorrak argindarrarekin funtzionatzen badu ere, organoa mekanikoa da nagusiki, XIX. mendean eta XX. mende hasieran izaten ziren bezalakoa. "Argindarrik gabe geratuko bagina ere jo ahalko litzateke; horretarako pedal jakin batzuk ditu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!