30 urte herria kantuz biltzen

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko aza. 22a, 12:30

Salatxo abesbatzako kideak San Pedro jaietako irekiera ekitaldian. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Orioko Salatxo abesbatzak 30 urte beteko ditu gaur, eta urteurren borobila ospatzeko, larunbatean Santa Zezilia Eguneko kontzertua eskainiko dute plazan, 13:00etan hasita. 

Azaroaren 22a da gaur, eta urtero bezala, Santa Zezilia Eguna ospatuko dute eskualdeko musikari eta musikazaleek. Aurtengoa, ordea, berezia izango da Orion, Salatxo abesbatzaren 30. urteurrena ere badelako. "Irrikaz eta gogoz" abiatu zuen ibilbidea Orioko abesbatzak duela hiru hamarkada, eta oraindik ere "ilusio berarekin" jarraitzen dutela aitortu du hasieratik abesbatzako kide den Maribi Ibarbiak. "Orioko musika eskola sortu zenean, Xabier Lizasok pentsatu zuen herrian haurren eta helduen abesbatzak izatea garrantzitsua zela, hala Salatxo eta Salatxo Txiki sortu zituzten, Marina Lertxundiren gidaritzapean". Hasieran 40 lagun inguru animatu ziren helduen abesbatzan parte hartzera, eta kantatzea atsegin zuten adin guztietako herritarrak bildu zirela azaldu du oriotarrak. "Musika maila desberdina genuen taldean, eta baziren partiturak irakurtzen ez zekitenak. Horregatik, zuzendariak erabaki zuen ostiraletan musika mintzaira eskolak ematea. Pixkanaka joan ginen ikasten eta hobetzen. Hasiera hura oso garai polita izan zen, ilusioz gainezka baikeunden". Kantatzeko irrikak elkartzen ditu taldeko kideak eta euren artean "giro bikaina" izaten dela nabarmendu du Ibarbiak. "Egoera askotatik pasatu gara, baina abesteko gogoak guztia gainditu du".

Urte hauetan guztietan hiru zuzendari izan ditu Orioko abesbatzak. Marina Lertxundi zarauztarrak abiatu zuen proiektua, Idoia Azurmendi zenak hartu zion lekukoa, eta 2006tik Igor Arroyo da zuzendaria. "Abesbatzaren gidaritza hartu nuenean, oso talde sendoa topatu nuen", gogoratu du Arroyok. "Orokorrean, bokalki ondo konpentsatutako taldea zen. Ohitura zuten elkarrekin kantatzeko eta nabaritzen zen talde izaera hori, energia handiko taldea baitzen. Gaur egungo gizon kopurua ordukoa baino txikiagoa da, eta zahartuago dago taldea, nahiz eta urte hauetan emakume ahots berriak sartu diren".

Taldearen batez besteko adinak gora egin badu ere, "aurrera jarraitzeko grinak bizi-bizirik" dirau taldean, eta ez dira erronken aurrean kikiltzen diren horietakoak. Hala, urte horietan guztietan hamaika proiektutan parte hartu du Salatxok. 2009an, esaterako, Oh happy Day ETB1 kateko telebista saioan izan ziren, eta zortzi finalisten artean sailkatu ziren, gainera. "Oso garai intentsua izan zen, aste batetik bestera ikasi behar genituelako abestiak eta koreografiak; batzuetan kantuak ingelesez ere izaten ziren. Oso ondo pasatu bagenuen ere, gogorra izan zen, telebistak eskatzen zuelako azkartasuna eta eszenografia ere lantzea", gogoratu du Ibarbiak.

Aurten ere proiektu garrantzitsu batean parte hartu du Orioko abesbatzak, Nagusilan elkartek Kursaalean antolatutako kontzertu solidarioan. "Arroyo ausarta da, konfiantza handia du gugan, eta horrek guri ere indarra ematen digu. Guretzat erronka ikaragarria izan zen Kantakidetza, Kantuz eta Aiztondo abesbatzekin eta Musikeneko ikasleen orkestrarekin batera emanaldi hori prestatzea. Mota askotako proiektuetan izan gara, baina tamaina horretako ikuskizun batean parte hartzen genuen lehen aldia izan zen. Sekulakoa izan zela aitortu behar dugu. Benetan gozatu genuen. Taldearen 30 urteko ibilbidea borobiltzeko modu bikaina izan zen".

Gizonen falta

Hiru hamarkada urte asko dira, eta denbora pasatu ahala, pixkanaka taldea aldatzen joan dela uste du oriotarrak. "Garaia aldatu egin da. Hasieran Salatxo Txiki ere bazegoen, eta bertako kideek 16 urte betetzen zituztenean, Salatxon hasten ziren kantatzen. Haurren abesbatza desagertu zenean, zubi hori eten egin zen, ordea". Hala, azken urteetan 40 urtetik gorako kide berriak gehitu badira ere, gazteak ez direla animatzen aitortu du Ibarbiak. "Urte asko daramatzagunak ere adinean aurrera goaz, eta gustatuko litzaiguke belaunaldi berriek lekukoa hartzea". Dena den, "egoera orokorra" dela uste du Ibarbiak. «Abesbatza txikietan ohikoa da hori. Abesbatza garrantzitsuek badute harrobia eta umetatik lantzen dute zaletasuna; gure kasuan, berriz, zailagoa da gazteak erakartzea", zehaztu du.

Duela gutxi abesbatzara gehitu den kideetako bat da Idoia San Sebastian, eta kantatzea betidanik gustatu izan zaiola adierazi du. "Txikitan Patxi Danbolinekin jardun nintzen haurren abesbatzan. Azken urteetan banuen zaletasuna berrartzeko gogoa, baina alaba txikia zenez, entseguetako ordutegietara moldatzeko zailtasunak nituen. Horregatik, haurra koskortu zenean erabaki nuen izena ematea". San Sebastian "oso gustura" dago taldean, eta nahiko luke gazteak ere animatzea. "Batez ere gizonak behar ditugu, baina ez dira taldera animatzen; gaur egun aisialdirako eskaintza zabala dagoelako izan daitekeela uste dut", hausnartu du.

Zailtasunak zailtasun, 30 urte beteta beste hainbeste bete nahi ditu Salatxo abesbatzak, eta kantatzeko zaletasuna duten gizon zein emakume guztiak gonbidatu dituzte abesbatzan parte hartzera: "Guztiok dugu tokia Salatxon".