Hondakin handiak ateratzeko eguna astearte iluntzea dela gogorazi du Orioko Udalak

Andrea Zipitria 2023ko aza. 26a, 09:30

20:00-22:00etara bitartean atera behar dira hondakin handiak Orion; eta ez beste egun edo ordutegi batean.

Orioko Udalak gogorazi du Urola Kostako Udal Elkartea arduratzen dela etxeko hondakin handien bilketaz, eta Orion hondakin horiek ateratzeko eguna astearte iluntzeak direla, 20:00-22:00 artean.

Horrez gain, mankomunitatean ondorengo gomendioak ematen ditu:

 

  • Etxeko hondakin handiak ezarritako egunean atera behar dira eta txukun utzi behar dira.
  • Hondakin handi gisa tresnak eta altzariak hartzen dira; bestela esanda: etxebizitza berritu edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten etxeko altzari eta ekipamenduak: era guztietako altzariak, etxeko tresna elektriko handi eta txikiak, informatika- eta telekomunikazio-ekipoak, kontsumorako tresna elektronikoak, eta, orokorrean, botatzekoak diren bestelako etxeko tresnak.
  • Beraz, debekatuta dago hondakin-mota hauek uztea:
    • Mugitu ahal izateko, garabiak edo poleak behar dituzten hondakinak edo bere horretan garraiatu ezin direnak.
    • Etxean egindako obren ondorioz sortutako hondakinak (adreilu-puskak, komunak, zurezko janbak edo ateak, pladurra, eskaiola…) edo goian zerrendatuta ez dauden bestelakoak: pneumatikoak, pintura-poteak…

 

Norbaitek hondakin handiren bat etxetik atera behar badu beste egunen batean, zuzenean eraman behar du Ubegun industriagunean kokatzen den Garbigunera. Astelehenetik ostiralera, 8:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:30era irekitzen dute. Larunbatetan, berriz, ondorengoa da ordutegia: 10:00etatik 12:30era.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!