Hogei taldek hartu dute parte Emakume Futbolari Egunean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 27a, 10:00

Hondartzako Futbol Txapelketan emakumezkoen parte hartzea handitzeko jardunaldi berezia jokatu dute eta gustura agertu dira antolatzaileak jasotako erantzunarekin.

Zarauzko plaieroetan sekula ikusi gabeko irudia utzi zuen atzoko jardunaldiak; izan ere, hamar joko eremu bete zituzten emakumeez soilik osatutako hogei futbol taldeek. Zortzi Hondartzako Futbol Txapelketa ofizialean aritu ziren eta beste hamabiek antolatzaileen ekimenez egin zuten jardunaldi irekian hartu zuten parte. Azken horiek, hogei minutuko adiskidantzazko bina partida labur jokatu zituzten eta gustura aritu ziren guztiak. Zarauzko taldeak ez ezik, inguruko herrietatik etorritakoak ere izan ziren, gainera. Oriokoak, esaterako.

Emakumezkoen parte hartzea handitu nahi du plaieroetako talde antolatzaileak datorren denboraldiari begira, eta, helburu horrekin antolatu zuten, hain justu, atzoko Emakume Futbolari Eguna: jokalari gehiago erakartzeko. Hala, parte hartzea ikusita, pozik eta itxaropentsu agertu dira antolatzaileak. Gainera, badira datorren urtean izena emateko gogoa adierazi duten taldeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!