San Nikolas jaiak 2023

Koldo Arruti eta Jesus Makazaga: "Guri eman zigutena guk besteei eman besterik ez dugu egin"

Erredakzioa 2023ko abe. 2a, 09:11

Perrexila bezala, Orioko saltsa ia guztietan sartuta daude Koldo Arruti eta Jesus Makazaga Makatza. Biek, Bixente Lasarekin batera, herritarren omenaldia jasoko dute San Nikolas festetan, urteetan herritarrentzako otorduak prestatzen egin duten lana txalotzeko. Omenaldiaz hitz egiteko bildu da KARKARA Arrutirekin eta Makazagarekin. Hizlari bikainak dira biak, pasadizoak eta oroitzapenak bata bestearen atzetik kontatzen dituzten horietakoak, baina egin duten lana goraipatzea edo gorestea denean, hitz gutxiko bilakatzen dira.

Zer sentitu zenuten omenduak izateko hautatu zintuztetela jakin zenutenean?

Jesus Makazaga: Lehenbiziko gauza harridura izan zen, nire ka- suan behintzat. Ez diogu garrantzi berezirik ematen egiten dugunari, betidanik aritu baikara bazkariak eta hamaiketakoak prestatzen.

Koldo Arruti: Ez genuen espero, ez! Harridura izan zen nagusi.

J. M.: Aurreko batean bilera egin genuen udaletxekoekin eta han, gainetik aipatu zuten txupinazoaren eta omenduen gaia, eta zera komentatu nien: “Gaur egun ezer gutxi egiteagatik omentzen dute jendea!”. Ez nuen espero ni izango nintzenik hori!

Noizbait pentsatu izan duzue omenduko zintuztetenik?

K.A.: Ez horixe! Guri eman zigutena guk besteei eman besterik ez dugu egin.

Festak hurbiltzen ari dira. Urduritasunik sortzen al dizue omenduko zaituzteten unean pentsatzeak?

K.A.: Oraingoz ez nago urduri, eta ez dut uste udaletxera igotzeagatik ere jarriko naizenik. Gehiago arduratzen nau nor gonbidatu erabakitzeak, azkenean, herritar ugari ibili baitira guri laguntzen batean edo bestean. Denekin gogoratzen gara, baina ez dakigu zenbatentzako tokia izango dugun ere. Abisua pasatzen ari gara denei, baina ez dakigu gero zenbat igoko diren.

Aurten, gainera, txupinazoaz gain, omenaldi berezia ere izango duzue... Zer esan nahi du zuentzat herritar guztien aurrean aitorpen hori jasotzeak?

J.M.: Guri ez zaizkigu gustatzen horrelako gauzak, eta errazio bikoitza egokitu zaigu. Zuek biok eta Bixente Lasa; beti hirurok aritu izan zarete ala beste batzuen laguntza ere izan duzue?

K.A.: Bixente eta hirurok antolatzen ditugu prestaketak beti, kopuruak zehaztu eta horrelako gauzak. Baina gero, jende asko dugu edota izan dugu laguntzen: kuadrillakoak, ondoko kuadrillakoak, denbora librea dutenak...

J.M.: Beti izaten dugu norbait alboan. Laguntza behar izanez gero, eskatu egin behar izaten da, eskatu gabe, inork ez baitizu lagunduko. Hala ere, eskean joanez gero, ia beti edo gehienetan baiezkoa ematen digute.

K.A.: Herri honetan bai behintzat, erantzuna beti izaten da baiezkoa.

Nola hasi zineten otorduak prestatzen?

J.M.: Futbol taldeko zuzendaritzako kide izan ginen urte luzez, eta orduan hasi ginen. Futbolean ibilitakoak ere bagara, eta Koldok esan bezala, gugatik egiten zutena besteentzako egiten hasi ginen, hori zegokigulako.

K.A.: Hamabi urte-edo izango dira sanikolasetan bazkaria prestatzen hasi ginela. Gure aurretik jubilatu talde batek egiten zuen hori, eta haiek gehiago ez zutela egingo erabaki zuten. Hala, udalak galdetu zigun prestatuko al genuen, herritarrek bazkaria egiteko ohitura gal ez zezaten. Gogoan dut lehen aldi hartan kopuru zehatzik jakin gabe egin genuela dena, gutxi gorabehera.

J.M.: Pertsonako 300 gramo kontatu eta aurrera!

K.A.: Zenbat errazio izango ziren ere ez genekien, eta gainera, kazola txikietan prestatu genuen. Lehen aldi horren ondoren, kazola handiak erabiltzen hastea erabaki genuen.

Eginez ikasi duzue, beraz?

J.M.: Dudarik gabe. Aurreikuspenik eta prestaketarik gabe harrapatu gintuzten lehen aldian, eta laguntzarik ere ez genuen izan. Herriko festak, futbola, arrauna... Herriko talde, elkarte eta herritar ugarirentzat egin duzue lana. Esperientzia irabazteko aukera izan duzue.

K.A.: Arraunerako ez dugu gehiegi egin, noizean behin eskatu izan digute elkarte gastronomikoan bazkariren bat prestatzeko eta gu prest azaldu izan gara, baina ez da izan askotan egin dugun zerbait.

J.M.: Atzerritik dantzari batzuk ekarri zituen behin udalak, eta haiei ere eman genien bazkaltzen; Kilometroak festa Orion ospatu zenean ere prestatu genuen marmitakoa; Bixigu Egunerako, adibidez, Bixente Azkuek egindako bi arraun berezi erabiltzen ditugu jatekoa mugitzeko...

Ba al da bereziki gogoratzen duzuen ekitaldirik edo pasadizorik?

J.M.: Getariara joan ginenekoa. Berrehundik gora lagunentzako bazkaria prestatzeko joan ginen gu biok eta Lasa. Pentsatuko zuten haiek: “Oriotarrak etorri behar Getariara marmitakoa egitera!”.

K.A.: Kazola batean egin genuen dena, nahiko erraz.

Sukaldean finak zarete, beraz.

J.M.: Sukaldaria hau da [Arruti seinalatuz].

K.A.: Txikitan ikasi nuen pixka bat. Amak taberna zuen, aita parrillan aritzen zen, eta horrela ikasi nuen zerbait.

Nola antolatzen zarete? Lan asko hartzen al duzue?

K.A.: Marmitakoaren kasuan, adibidez, aurreko egunean jende asko behar izaten dugu, patata kilo asko egoten delako zuritzeko eta puskatzeko. Egun horretan ia dena aurreratuta uzten dugu, eta egunean bertan lauzpabost pertsona nahikoak izaten gara prestaketa amaitzeko.

J.M.: Aurrez pentsatu behar izaten dugu zenbat lagun beharko ditugun, horiek denak antolatu, jateko guztia —tipulak, patatak, azenarioak...— prestatuta utzi, eta egunean kozinatzeko. Zerbitzatu, aldiz, beste batzuek egiten dute. Hori bai dela lana!

Zuek egiten duzuena ere ez da gutxiagorako...

K.A.: Marmitakoa prestatzen dugunean milatik gora errazio egiten ditugu, eta hori bada lana. Baina horrenbeste urteko eskarmentuaren ondorioz, dagoeneko erraz egiten dugu.

Esker oneko hitzak entzuten al dituzue? Eskerrik jasotzen al duzue?

K.A.: Bai, bai. Guk eskaini izan ditugun otorduak beti eskertu izan dizkigute, prestatutakoa oso ona zegoela edota oso ondo egiten dugula esanda.

J.M.: Askotan esan dut, prestatutakoa ona egon zein txarra egon, hurrena ere guk prestatu beharko dugula. Baina txantxak aparte, eskertza ugari jaso dugu.

Zer da festetan lana egitea?

J.M.: Gu ere han izaten gara, festan!

K.A.: Gainera, goiza bakarrik izaten da.

Festez gozatzen al duzue? Zer duzue gustukoen?

K.A.: Familiarekin elkarte gastronomikora bazkaltzera joan eta kale buelta bat eginez gozatzen dut nik orain.

J.M.: Herriko festak garai batean ederrak ziren. Garai hartan herritarrek benetan parte hartzen zuten sanikolasetan. Gainera, Orion bazen industria eta arrantza, eta horrek herritarrak asko mugitzen zituen, bertakoak. Gaur egun, ordea, festak jaiegun askoko astean izaten dira, neguko festa bakarrenetakoak dira, data horietan behintzat, eta kanpotik jendetza etortzen da. Herri kiroletan ere aritzen ginen garai batean!

K.A.: Asto karreretan ibiltzen zen Makatza; lasterketak irabazi ere egin zituen.

Betidanik parte hartu izan duzue, beraz, festetan. Saltseroak al zarete?

J.M.: Bai, esan daiteke saltseroak garela; bestela ez ginateke horrela ibiliko.

K.A.: Oraingo gazteek beste modu batera parte hartzen dute, gaueko festa gustatzen zaie.

Zuei erreleboa hartzeko gazterik izango ote da?

J.M.: Hasi beharko gara besteren batzuen bila ikas dezaten nola egiten dugun eta jarraipena izan dezan gure lanak.

K.A.: Bada gu baino gazteagoa den kuadrilla bat. Urte baten babarrun jana prestatzen erakutsi nien eta ordudanik haiek prestatzen dute; horiek behintzat badaude erreleboa hartzeko.