A30 greba feminista orokorra

Greba egunaren lehen balorazio positiboa egin du Orioko Mugimendu Feministak

Andrea Zipitria 2023ko aza. 30a, 15:59

Orion eguerdian egin duten manifestazioko irudi bat. (Andrea Zipitria)

Zaintza kolektiboaren aldeko ekimen guztietatik jendetsuena eguerdiko manifestazioa izan dela nabarmendu du mugimendu feministak. Orokorrean, "oso pozik" daude herritarrek izandako erantzunarekin, eta "bereziki" eskertu dute eguneko zentrokoen parte-hartzea. 

Orioko Mugimendu Feministak greba feministaren lehen balorazio positiboa egin du. Zaintza kolektiboaren aldeko ekimenetan "parte-hartze handia" izan dela azpimarratu dute, eta "oso pozik" daudela herritarrek emandako erantzunarekin.

Ekimen guztiak orotara kontuan hartuta, manifestazioa izan da "jendetsuena" Orioko Mugimendu Feministatik azaldu dutenez. Herrian zehar zaintzarekin lotutako hiru guneetan egin dituzte paradak, eta "bereziki eskertu" nahi dute eguneko zentrokoen parte-hartzea: "Eguneko zentroko langileekin jarri ginen harremanetan greba aurretik, eta momentu honetan beraien eskubideen alde daude borrokan. Asko eskertu dute gure babesa, eta aipamen berezia egin nahiko genieke", azpimarratu du mugimendu feministak. 

Gazitik eta gozotik

Mugimendu feministak balorazio gozoa egin duen arren, gazitik ere izan dutela nabarmendu dute. Ildo honetatik salatu nahi dute "hainbat auto zein kamioi gidarik izan duten erantzuna". Izan ere, "azeleratzen" erantzun dute; "guk eraso gisa hartzen ditugu jarrera horiek", esan dute.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!