9,6 milioiko aurrekontua onartu du Orioko Udalbatzak, iazkoa baino ia %7 handiagoa

Andrea Zipitria 2023ko abe. 4a, 15:24

Azaroko ezohiko udalbatzarra.

Aho batez onartu dituzte 2024rako aurrekontuak Orion. Prozesuaren "eraginkortasuna" azpimarratu dute bi alderdiek eta EAJren udal taldearen ekarpenak kontuan hartu dituztela azaldu dute jeltzaleek.

Pasa den asteazken iluntzean ezohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta 2024ko udal aurrekontuak aho batez onartu zituzten. Hala,  datorren urteko udal aurrekontua 9.666.103 eurokoa izango da, iazkoarekin alderatuta, 626.924 euro gehiago. Hain zuzen ere, aurtengo diru-sarreren exekuzioa ikusita zehaztu da zenbatekoa; eta bestetik, ordenantza fiskalak irailean onartu zirenak, horren baitan izan diren igoerak eta egokitzapenak kontuan hartuta. Hala, iazkoarekin alderatuta, aurtengo aurrekontua ia % 7 (6,93) handiagoa izango da.

Orain, aurrekontuen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, hamabost lanegunez jendaurrean egongo da espedientea, eta inork alegaziorik aurkeztuko ez balu, lehen onarpena behin betiko onarpena bihurtuko litzateke. Alegazioak egongo balira, berriz, Ogasuneko Batzorde Informatzailean aztertuko lirateke horiek, eta berriz ere udalbatzarrean jorratuko beharko lukete gaia.

Puntu nabarmenenak 

Azken urteetan bezalaxe, aurrekontuaren % 40tik gora langile-gastuetara bideratuko da, eta horri esker, Udaltzaingoaren bulego berrian ariko den administraria kontratatuko da.

Aurrekontuetan jasotako inbertsio nabarmenenak hezkuntza, merkataritza, kirola eta kultura arloetan egingo dira. Hezkuntzari dagokionez, herriko eragileak biltzen dituen Hezkuntza Mahaia dinamizatzen jarraituko du udalak, eta ikastetxeekin elkarlanean, prozesu komun bat abiatzeko asmoa du.

Merkataritza alorrean, aurten aktibatu den Merkataritza Planarekin jarraitzea da udalaren asmoa. Horrez gain, kontsumo-ohituren inguruko hausnarketa egiteko partida bat gehitu du, azken aldian herrian antzematen diren joera kezkagarri batzuei heltzeko asmotan. 
Herriko kirol azpiegituren eta instalazioen baitan, azterketa bat ari da egiten udala. Horietatik ateratako ondorioak aplikatzeko, hainbat partida jaso ditu aurrekontuak, hobekuntzak eta egokitzapenak egiteko eraikinetan. Hala nola, hondartzako zerbitzuetan. 
Kulturaren sektorean, berriz, plan estrategiko bat garatuko da, herriko espazioen erabilerari eta beharrei lotuta. Gainera, kultur ekintzaileentzako dirulaguntza berri bat aktibatuko da 2024an, eta herriko ondare artistiko eta kulturala gorde eta zabaltzeko deialdia aurreikusi da.

Gainerakoan, badira hainbat partida ireki. Besteak beste: Ibai Ondo kalean, zubiaren azpiko bidegorriaren zatia egokitzeko; Goiko Kaleko irisgarritasuna aztertu eta hobekuntzak proposatzeko; pilotaleku berriaren proiektua martxan jartzeko;  Mutiozabal ontziolaren eraikinari konponketak egiteko; beharra duten herriko altzariak berritu edo konpontzeko; Udalaren ibilgailuen flota eguneratzen joateko; udal-brigadaren baliabideak egokitzeko eta egungo beharrei erantzuteko; eta kanpinak eskaintzen duen zerbitzua hobetzen jarraitzeko.

Elkarlana oinarri

Noemi Ostolazak hartu zuen hitza aurrekontuen inguruan ekarpena egiteko. Barne antolaketa batzordean "lan polita" egin dela zehaztu zuen, eta ekarpenak egiteko aukera eskaintzeaz gain, horiek aurrekontuetan txertatu direla esan zuen. Horregatik guztiagatik, "guztiei zoriontzekoa da egindako elkarlana". Izan ere, "iruditzen zaigu aurrekontuak hobetu egin direla".

EAJaren ekarpenak izan dira ondorengo diagnosiak egitea: zaintza ekosistemaren lanketa; pobreziaren eta desberdintasun sozialen azterketa egitea eta kontsumoen inguruko ikerketa bat egitea, eta ekintza plan bat gauzatzea. Beste bi partidak irekiak dira: bidegorrien loturaren ingurukoa eta Kosta tailerraren egokitzeko azterketa bat egitea.

Nagore Rementeria zinegotzia pozik agertu zen udalbatzarrean, aurrekontuak "ahoz batez eta garaiz" onartu dituztelako. Nabarmendu zuen, halaber, prozesua "eraginkorra" izan dela.

Inaxio Alguacilek, ere egin zuen balorazioa. Azpimarratu zuen "zenbaki hauen atzean, herritarrek zuzenean eragiten dieten ekintzak" daudela. Horietatik guztietatik "aipamen berezi" bat merezi dutenak ekarri zituen mahai gainera. Oinarrizko zerbitzuei dagokionez, udaltzaingoaren bulego berrirako administrari baten inkorporazioa aurreikusten da. Baita ere, kale garbiketako zerbitzuan gastua areagotu egingo da, zerbitzu horren hobekuntzari begira. Esleituta dituzten zerbitzuetan, bestalde, datorren urtean egingo diren lizitazioekin, kostuak ere areagotu egingo dira, langileen eskubideak bermatzeko. Esate baterako, aipatu zuen etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta sektoreko langileen hobekuntza.

Gizarte zerbitzuen arloan, "azken urteetan urrats nabarmenak" egon diren arren, "sortu diren tresna eta oinarri" horietatik abiatuta, zaintzaren inguruko azterketa hori "mimoz eta gogoz" hartzea beharrezkotzat jo du. EAJak egindako kontsumoaren inguruko ekarpena "oso ona" dela aipatu zuen.

Ekintza konkretu horietatik haratago, aipatu zuen "gizarte ongizatearen alorreko zerbitzuetara bideratuko den diru kopurua azken lau urtetan hirukoiztu" egin dutela. Horregatik, "oso harro egoteko aurrekontuak dira aurtengoak". Hezkuntza arloan, kultur arloan eta merkataritzan adostu dituzten ekintzak zehaztu zituen ondoren. Borobiltzeko, adierazi zuen "oriotarren ongizatea eta bizi kalitatearen etengabeko hobekuntzak" egiteko asmotan onartu direla aurrekontuak.

 

Inbertsioak puntuz puntu

  • Arantzazu ikastolako plazarako: 6,00
  • Hondartza: 6,00
  • Ibaiondo zubi azpiko arazoa: 6,00
  • Zirkulazio seinaleztapen horizontala: 4.000
  • Inbertsioa bide publikoak: 30.959
  • Irisgarritasuna Goiko kalea: 6,00

Azpiegiturak

  • Kanpina eraikina: 6,00
  • Inbertsioak hondartzako txiringitoak: 6,00
  • Udaletxeko eraikinean inbertsioak: 2.000
  • Eraikinak-transizio energetikoa: 6,00
  • Arraunetxe eraikinean azterlaren ondorengo egokitzapenak: 6,00
  • Kulturako plan estrategikoaren ondoriozko aktuazioak eraikin publikoetan (Kofradia, kosta tailerra...): 12,00
  • Mutiozabalen atea mekanizatu: 4.500
  • Pilotalekuko kirol alorrean egindako azterlana ondorengo egokitzapenak: 6,00
  • Karela kiroldegian kirol alorrean egindako azterlana ondorengo egokitzapenak: 6,00
  • Surf-kabinak eraikina birantolatu: 6,00

Eraikinak

  • Kanpina makinaria: 1.522
  • Brigadako makinaria inbertsioak: 600
  • Obra brigada laneko erramienta inbentariagarria: 2.000
  • Karelan kirol alorrean egindako azterlana ondorengo egokitzapenak: 6,00
  • Kanpinean laneko zenbakit erreminta: 1.200

Makinarian instalazioak eta tresneria

  • Udaletxeko ibilgailuaren egoera aztertu ondorengo inbertsioak: 6,00
  • Brigadako ibilgailuaren egoera aztertu ondorengo inbertsioak: 6,00

Garraioa

  • Kanpina altzariak: 1.000
  • Zirkulazio antolamendua: 4.000
  • Kirol guneko altzariak: 6,00
  • Hiri altzariak: 13.126,00
  • Udaletxeko altzariak: 2.000
  • Haur parkeko ekipamentu estalia: 6,00
  • Brigadaren biltegiko altzariak: 6,00
  • Festetako altzariak: 21.400

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!