Jostailu eta euskarazko liburuen truke azoka antolatu dute Herriok eta herriko ikastetxeek

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko abe. 9a, 10:00

2022ko jostailu eta truke azoka. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Abenduaren 15ean, ostiralarekin, egingo dute jostailu bilketa, eta hurrengo egunean, larunbatean, izango da truke azoka.

Gabonak gertu dira eta Herrio natur taldeak herriko ikastetxeekin elkarlanean jostailuen eta euskarazko liburuen truke azoka antolatu du. Helburua da etxeetan erabiltzen ez diren edo behar ez diren jostailu eta liburuei erabilpen berri bat ematea, "euskara, elkartrukea eta berrerabilpena sustatu eta gehiegizko kontsumoaz ardura hartuz". Aurten bilketa plazan egingo dute abenduaren 15ean, ostiralarekin, 17:00etatik 19:00etara. Eta biltzen duten guztia abenduaren 16ko azokan jarriko dute ikusgai 10:30etik 14:00etara.

Antolatzaileek hainbat zehaztapen eman dituzte trukatzeko liburu eta jostailuei dagokionez. Alde batetik, liburuek euskarazkoak izan behar dute, haur, gazte zein helduen liburuak. Egoera onean eta osorik egon behar dute. Bildumak, kopurua edozein izanda ere, txartel bakar baten truke aldatuko dira, eta liburu bakoitzeko berde koloreko txartel bat emango da azoka egunean.

Jostailuek osorik egon behar dute eta egoera onean, norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Bilketa egunean etxetik eramandako jostailuak sailkatuko egingo dituzte arduradunek hiru koloreren arabera: horia, urdina eta gorria. Parte hartzaileek nahi izatera eramandako jostailu bakoitzagatik kolore bereko txartel bana jasoko dute azoka egunean trukean beste batzuk hartzeko. Gorri eta urdin sailkatutako lehen bi jostailuen truke kolore bereko bina txartel eskuratuko dituzte, eta gisa berean sailkatutako gainontzeko jostailuen truke kolore zuriko txartelak.

Truke egunean, koloretako txartelak azokak irauten duen ordutegi osoan trukatu ahalko dira, kolore zurikoak, berriz, 11:30etik aurrera. Modu horretan antolatzaileek ekidin nahi dute jostailuak ekarri dituen jendea ez gelditzea gustuko jostailurik gabe lehen orduan azokara azaldu ezin dutelako. Azoka egunean bertan etxetik eramandako jostailuak, azokan jarritakoekin ere trukatu ahal izango dira.