San Nikolas jaiak 2023

Haurrak eta gaztetxoak berentzako sortutako jokoez gozatzen ari dira festetan

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 7a, 12:35

Orioko Herri Ikastolak antolatuta, atzo arratsalde pasa egin zuten LH5etik DBH2ra arteko gaztetxoek Gaztetxean. Gaur goizean, berriz, plazan eta Elizaren lokalean ikasleek beraiek egindako jolasekin aritu dira HHko eta LHko haurrak. Zaragueta Herri Eskolak, berriz, talo tailerra antolatu du umeentzat bihar arratsalderako.

Festetan askotan ez da ekitaldi askorik egoten haurrentzat eta gaztetxoentzat, baina aurtengo sanikolasetan, behintzat, antolatzaileak eta herriko ikastetxeak gogoratu dira etxeko txikienez, eta egunotan ederki ari dira pasatzen lagun artean. Atzo arratsaldean, esaterako, LH5etik DBH2ra arteko gaztetxoak elkartu ziren Gaztetxean hainbat joko egiteko elkarrekin. Orioko Herri Ikastolak antolatu zuen saioa, eta bertako ikasle ohiek prestatu zituzten jokoak. Nahikoa jolas eta barre egin, eta Txurrudiskotekaz gozatu zuten segidan.

Gaur goizean, berriz, txikiagoentzat izan da eskaintza: HH eta LHko umeentzat hainbat jolas prestatu dituzte Orioko Herri Ikastolako DBH1eko ikasleek, eta horiekin ederki pasatu dute Elizaren lokalean nahiz plazan, hotzetik eta euritik babestuta. Kanikak nahiz zakutxoak eskuetan hartuta, makina bat erronkatan aritu dira, baita joko klasikoetan ere.

Biharko, berriz, Zaragueta Herri Eskolak talo tailerra antolatu du haurrentzat plazan. 18:30ean hasiko da tailerra.

Haur eta gaztetxoentzako ekintza gehiago ere izango da gaur eta bihar. Honakoa da festetako egitaraua:

Gaur, osteguna. San Nikolas bigarrena eta parranda eguna

 
10:00. Jubilatuentzat hamaiketakoa, Zaharren babeslekuan.
11:00. Haur eta Lehen Hezkuntzako umeentzat jolasak plazan, Ikastolak antolatuta.
12:00. 10-14 urte bitartekoen Dardo Txapelketa, Bikamiotan.
12:00. Sagardo dastaketa: Urdaira, Izeta, Satxota, Saizar, Lizeaga eta Aburuza sagardotegiekin.
Hamar tragoko bonoa, 5 euro. Edalontzia 2 euro (edalontzia itzuliz gero, dirua itzuliko da). Ikastolak pintxoak eskainiko ditu 2 eurotan.
12:00. Gorlizko Txerokiekin kantu jira, kalez kale. Ibilbidea:  Ibai Ondo, Aritzaga, Plaza, Eusko Gudari, Arrantzale, Kiroldegia.
14:30. Herri bazkaria Karela kiroldegian
Menua: otarrainxkak, hestekiak, tortila eta txahal sahieskia parrillan. Postrea. Kafea. 18 euro.
Menu beganoa: gari zainzuriak parrillan, pistoa, babarrun zuriak onddoekin. Postrea. Kafea. 15 euro.
Haurren menua: makarroiak tomatearekin, patata tortilla. Postrea. 8 euro.
Ondoren, kantu jira eta kuadrillen arteko jolasak, txosna batzordeak gidatuta.
17:30. Kuadrillen eta familien igoera Hamarru elektrotxarangarekin, Pello eta Nikolasa erraldoiekin eta buruhandiekin.
19:30. Erromeria, plazan: Joselu Anaiak.
23:00. Erromeria, plazan: Joselu Anaiak.
 

Bihar, ostirala. San Nikolas hirugarrena

 
10:00. Ikastolak eta Zastek antolatutako saskibaloi festa solidarioa.
12:00. 10 urtez azpikoen Dardo Txapelketa, Bikamiotan.
Goizean. Gure Boza otxotea.
12:00. Escamot catala emanaldia kalez kale, Talai Mendiko dantzariekin. Ibilbidea: Ibai Ondo, Aritzaga, Plaza.
16:30. Haur eta gazteentzat herri kirolak plazan, Joseba Ostolaza eskolako kirolariekin eta Zaragueta Herri Eskolako gurasoekin.
17:00. Helduen Dardo Txapelketa Bikamiotan.
17:30. Pello eta Nikolasa erraldoiak, buruhandiak eta Danbolin musika eskolako txistu taldea.
17:30. Joseba Ostolaza eskolako ikasleen herri kirol erakustaldia plazan. Oriotarrak kanpotarren kontra aizkoran, harrijasotzen, trontzan eta txingetan.
Oriotarrak: Iñigo Landa, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Aroa Sanchez, Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Garazi Ansa eta Xiker Larrea.
Kanpotarrak: Jon Goenatxo, Xabier Guzta, Imanol Lartain, Ane Zinkunegi, Olaia Esnaola, Josu Urbieta, Gari Garmendia, Estefania Etxebeste eta Asier Altuna.
18:00. Herriko txaranga. kalez kale. Ibilbidea: Plaza, Eusko Gudari, Arrantzale, Plaza, Aritzaga, Ibai Ondo, Aita Lertxundi, Plaza.
18:30. Talo tailerra haurrentzat eta taloak, plazan, Zaragueta Herriko Eskolak antolatuta. Taloa 2,5 eurotan salgai.
19:15. Gipuzkoako Lokotx Bilketa Txapelketa, moilako errepidean.
19:30. Kontzertua: UT!
Euskal kantu mitikoen bertsioak: Errobi, Itoitz, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Niko Etxart, Hertzainak eta abar.
23:00. Zilibito Records taldearen kontzertua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!