San Nikolas jaiak 2023

Bost urteren ondoren, herri kirolak bueltan dira sanikolasetan

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 8a, 19:03

Joseba Ostolazaren Harri Eskolaren eta Zaragueta Herri Eskolaren eskutik, haurrek gozatua hartu dute gaur arratsaldean frontoian egindako herri kirol saioan. Ondoren, frontoia goraino beteta, erakustaldia eskaini dute ia hogei kirolarik.

San Nikolas hirugarrena da gaur, eta jaiei amaiera emateko herri kirol erakustaldia izan da frontoian arratsalde-iluntzean Joseba Ostolaza Harri Eskolaren eskutik. Aurrena, ordea, haurrentzako saioa antolatu dute Ostolazak eta Zaragueta Herri Eskolak, eta dozenaka haur animatu dira harri jasotzen, txingetan, lokotx biltzen, ingudearekin, giza proban nahiz zaku eramaten. Giro polita sortu da, eta guraso batzuk ere animatu dira lokotx biltzera.

Joseba Ostolazak Karkarari azaldu dionez, baziren bost urte herri kirol erakustaldirik ez zela egiten San Nikolas jaietan, eta udalak eskatu zion antolatu zezala zerbait aurtengo festetarako. Ekintzen barruan umeentzat ere saioren bat egotea eskatu zioten, eta hala egin dute.

Helduen erakustaldian, berriz, oriotarrak kanpotarren kontra aritu dira: etxekoen taldean Iñigo Landa, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Aroa Sanchez, Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Garazi Ansa eta Xiker Larrea aritu dira eta bestean, berriz, Jon Goenatxo, Xabier Guzta, Imanol Lartain, Ane Zinkunegi, Olaia Esnaola, Josu Urbieta, Gari Garmendia, Estefania Etxebeste eta Asier Altuna.

Frontoia bete egin dute, jende askok zutik ikusi behar izan du erakustaldia, eta kirolariak askotariko herri kiroletan aritu dira: harri jasotzen guztiak aritu dira, eta ondoren batzuk aizkoran, besteak trontzan nahiz txingetan... aritu dira.

Ondoren, gainera, Gipuzkoako Lokotx Bilketa Txapelketa ospatu da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!