Nerabeen artean mugikorraren erabilera hobe baten aldeko ekimena aurkeztu dute

Andrea Zipitria 2023ko abe. 12a, 13:11

Arrakastatsua izan zen atzo arratsaldean egin zuten Altxa Burua Orio egitasmoaren aurkezpena. Ekimenak helburu du gaztetxoen artean mugikorra erabiltzeko beharra murriztea.

Mugikorra erabiltzeko beharra murrizteko eta lehen gailua eskuratzeko adin hori atzeratzea da Altxa Burua Orio egitasmoaren helburua.

Asmo horretatik abiatuta, duela hiru urte inguru Orioko guraso talde bat elkartzen hasi zen mugikorrek eta internetak haurrengan izan dezaketen eraginaz kezkatuta. Horren emaitza da Altxa Burua Orio egitasmoa. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Salatxo aretoan, eta arrakasta izan zuen. Izan ere, aretoa txiki geratu zen; 40 lagun inguru bildu ziren.

Aurkezpenean parte hartu zuten Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal Nerabeen Garrasia liburuaren idazleek. Bertan azaldu zutenez, nerabeen osasun mentala du ardatz liburuak, eta hainbat galderei erantzunak jasotzen ditu:“Zer dakigu nerabeen osasun mentalari buruz? Nondik sortzen dira gaztetxoak atsekabetzen ari diren elikadura nahasmenduak, antsietatea, depresioa, autolesioak eta jokabide suizidak? Zergatik geratzen dira hainbeste gazte beren telefonoen amildegi birtualean ordu amaigabeetan kateatuta?".

Pegatina identifikagarriak

Egitasmoaren asmo horietatik abiatuta, eta guztia ondo bidean, datozen asteetan pegatina identifikagarriak jarriko dituzte proiektuarekin bat egiten duten saltokietako erakusleihoetan. Altxa Burua Orio egitasmoko kideek aurkezpenean aurreratu zutenez, herriko ia 40 lekutan izango dira pegatinak. Dena den, momentuz parte hartuko duten komertzioen zenbateko zehatza, zehazteke dago.

Modu horretara, nerabeek erraz identifikatu ahal izango dituzte saltoki horiek, eta pegatina hori ikusten dutenean jakingo dute, bertako telefonoa erabili ahal izango dutela behar duten dei hori egiteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!