Harrobia, goi mailako bide eta helburu

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abe. 16a, 11:30
OAEko zuzendaritza berriko hainbat kide. (Arnaitz Rubio)

Jon Olasagasti 'Errota' buru dela, Orio Arraunketa Elkartearen gidaritza hartu du orain gutxi zuzendaritza berriak, eta beren lehentasunak azaldu dituzte. Elkarteari arraun munduan erreferentzialtasuna bueltatu nahi diote, "harrobia landuz" eta arraunketa mugikorrari "azken hamarkadetan galdu duen garrantzia emanez".

Arraunlariz eta kudeaketan esperientzia duten bazkideez osatutako talde gaztea bildu da datozen lau urteetan Orio Arraunketa Elkartearen patroitza hartzeko asmoz. Hala, datozen lau urteetarako nahiak eta erronkak izan dituzte hizpide denboraldia hasi berritan elkarteko presidente Jon Olasagasti Errotak eta zuzendaritzako kide Xabier Altunak. "Gogotsu" daude, "oinarritik hasita elkarte indartsua eraikitzeko irrikaz". Urriaren 17an aurkeztu zuten euren proiektua Arraunetxen, bazkidez leporaino bete zen ekitaldian. Etorkizunean elkartearentzat nahi duten eredua argi badute ere, hautagaitza aurkezteko ideia "bat-batean" sortu zela azaldu dute. "Oso gaztetan hasi ginen arraunean, eta urte askotan zehar kluba izan da gure bigarren etxea.

Gauza onak eta txarrak ezagutu ditugu, bai Orion, bai arraunean egin dugun beste taldeetan. Umetatik ezagutzen dugu elkar, harreman handia dugu gure artean, eta arrauna izaten dugu askotan hizpide. Horregatik, alderdi positiboak goraipatzeaz gain, ikusten genituen hutsuneak identifikatu eta horiek konpontzeko zer egingo genukeen komentatzen genuen", azaldu du elkarteko presidenteak. Hala, pixkanaka, konturatu gabe, beren hautagaitza forma hartzen joan zen, "nahiko argi" baitzuten jarraitu beharreko bidea. Zuzendaritza berriko kideen iritziz, orain arteko batzordeetan "falta izan da arraunlari izan direnen ikuspegia". "Arraunaz asko dakien jendea pasatu da elkartetik eta oso lan ona egin dute, baina haurrak direnetik etxe handi honetako martxa ezagutu duen jendearen falta sumatu dugu, arraunlariak sentitzen duena ulertuko duena. Uste dugu horrek bereizten gaituela gainontzekoengandik, arraunlaria ulertzeko gaitasunak, alegia", azaldu du Altunak. Zentzu horretan, "lan handia eginda" dutela uste dute, ez dielako inork azaldu behar zein den elkartearen egunerokoa. "Guk urte asko pasatu ditugu klubean, eta ondo ezagutzen dugu etxea. Badakigu zer behar dituen, zer lortu nahi dugun, eta horretarako lanean ari gara. Orain hartu dugu elkartearen gidaritza, baina aurretik praktika asko eginak garela esan daiteke. Egia da bulegoko lana ez dugula ezagutzen, baina saiatu gara taldean kudeaketa lanetan trebeak diren kideak ere biltzen". Hala, taldea "elkartearen behar guztiak kontuan hartuta" osatu dutela nabarmendu du Olasagastik.

Orio Arraunketa Elkartea bezalako erakunde handi baten gidaritza hartzeak kezka sortzen ote dien galdetuta, "errespetua" ematen diela aitortu dute zuzendaritza taldeko bi kideek. "Orio Arraunketa Elkartea erakunde handia da, historia handikoa, eta horrek ematen digu errespetua. Arraunari lotuta daramagu ia bizitza guztia, eta horrek ikuspegi berezia eskaintzen digu. Ilusio handiarekin heldu diogu erronkari. Jakin badakigu lan handia dugula aurretik, eta uretan arraunlariek egiten duten bezalaxe, gu ere gure onena ematen saiatuko gara, pausoka-pausoka aurrera egiteko". Altuna ere elkarteko presidentearen iritzi berekoa da. "Lanak ez digu beldurrik ematen, baina zorrotzak gara geure buruarekin, eta kezkatzen gaitu gauzak nahi bezala ez ateratzeak. Ez jendeak plazan esango duenagatik, baizik eta guretzat oso garrantzitsua delako elkartea, eta errespetu handia diogulako erakundeari. Gu gara Orio punta-puntan ikusi nahi dugun lehenak. Bidea ez da erraza izango; ez dugu beti irabaziko, galtzen ere ikasi beharko dugu, baina helburua beti argi izanda".  

 

Harrobia oinarria

Proiektua osatzeko arraun munduarekin erlazionatutako hainbat lagunekin eta eragilerekin hitz egin zuten zuzendaritzako kideek, eta azaldu dute guztiek harrobiaren garrantzia azpimarratu zietela. "Askori iruditzen zitzaien traineruetan ez dela behar adina islatzen harrobiarekin egiten den lana. Harrobia lantzen duten beste elkarteetan nabarmenagoa da, eta ez da haiek hobeto jorratzen dutelako harrobia. Guk uste dugu irabazteko presio horrek eragina izan dezakeela, fitxaketak egitera bultzatzen duelako. Faktore askok eragiten dute, baina arraunlari gazte askok kirola uztea erabakitzen dute, taldean tokia izateko esperantzarik gabe daudelako", azaldu du Altunak. Horregatik, zuzendaritza berriak errotik landu nahi du gaia. "Seniorreko lehen urtera iristen direnean, beheraldi bat gertatzen da herriko arraunlarien artean. Elkarteko talde nagusiek, neskenak zein mutilenak, maila oso handia dute. Horiek osatzen dituzte hamahiruna lagunek gehi ordezkoek, baina beste hamarna arraunlari gehiago geratzen dira noraezean. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu etxeko neska-mutilak zaintzea, arraunlari bezala formatzen jarraitu daitezen. Goi mailara iristeko motibatu egin behar ditugu, eta lehiatzen jarraitzeko aukerak eman", zehaztu du presidenteak. 

Bide horretan, "etxeko erreferenteak" izatea ere ezinbestekoa dela uste dute. "Arraunlari gazteek ikusten badituzte traineruan beraien kideak izandakoak, goi mailara iristeko grina piztuko zaie, eta gogor prestatuko dira horretarako. Inor ez dela iristen ikusten badute, berriz, gogoa apaldu egingo zaie", azaldu du Altunak. Hori dela-eta, "anbizioa pizteko", arraunlarien arteko harremana garrantzitsua dela uste du zuzendaritza berriak, baita goi mailan dagoenak atzetik datorrenari erakustea ere. "Seniorrek gazteei begira egon behar dute, eta gazteek, seniorrei begira. Arraunaren harra sartu behar diegu gazteei anbizio hori pizteko. Nahiko kirol sufritua da, baina lortu behar dugu gozatzea, bai estropadak ikustera joaten diren ikusleek, baita lehiatzen ari diren arraunlariek ere. Hori lortzen badugu, klub indartsua lortuko dugu", esan du Olasagastik konbentzimendu osoz.

 

Presidentea ere uretan

Bigarren taldeak oihartzun txikia izan ohi du herrian, gizonezkoen talde nagusiaren "itzalpean" geratzen delako, baina zuzendaritza berriarentzat oinarri garrantzitsua izango da. "Etorkizuneko arraunlariak gaur egun B ontzian dabiltzanak izango dira, eta talde horretan egiten den lana ezinbestekoa da gure proiektuarentzat", nabarmendu dute. Anjel Larrañagak jarraituko du klubeko bigarren ontziaren entrenatzaile lanetan, eta aurrerantzean elkarteko presidenteak ere beraiekin egingo du arraunean. Modu horretan, "bertatik bertara jakingo ditugu harrobiko arraunlarien arazoak eta nahiak", adierazi du Altunak. 

Olasagastik "ilusioz" heldu dio erronka berriari. "Zuzendaritza berria izateko hautagaitza aurkeztu genuenean, bagenekien bulegoko lana egin beharko genuela, baina argi genuen zuzendaritzaren, entrenatzaileen eta arraunlarien arteko zubiak eraikitzea ezinbestekoa zela". Hainbat urtez arrauna utzita egon bada ere, aurreko denboraldian San Pedron arraunean aritu zen, eta orain, etxean "jarraitzeko gogoz" dago. "Beraiekin entrenatuko dut eta behar dutenerako laguntzeko prest egongo naiz. 40 urte ditut, eta ez dut uste goi mailan lehiatzeko sasoi betean egongo naizenik, baina uretan egon nahi dut arraunlariekin". Ildo horretan, bigarren taldeak aurreko denboraldian egin duen lana ere nabarmendu du. "Taldeak lortu du mailaz igotzea ligako ia estropada guztiak irabazita, eta uste dut datorren denboraldian gozatu egingo dugula arraunean, KAE1 ligan maila oso ona baitago. Ni saiatuko naiz ahal dudan guztian entrenatzaileari laguntzen B taldeko mutilak motibatuta egon daitezen, eta era berean, B taldeak talde nagusiaren sostengu ere izan behar du. Argi izan behar dugu guztiok osatzen dugula Orio, eta guztiok ontzi berean ari garela arraunean".

Era berean, Itziar Olasagasti zuzendaritzako kidea izango da emakumezkoen traineruaren zutabe garrantzitsua. "Esperientzia handiko arraunlaria da. Oso ondo ezagutzen ditu kluba, taldea eta emakumezkoen arrauna, eta bera izango da zuzendaritzaren, entrenatzailearen eta arraunlarien arteko lotura", zehaztu du Altunak.

Zuzendaritza berriko kideen esanetan, elkartea osatzen duten eragile desberdinek "elkar lagundu behar dute elkarteak engranaje bat bezala funtziona dezan". "Entrenatzaileak zuzendaritzaren babesa behar du, eta ezin da hura gehiegi kargatu, hark kontzentratuta egon behar duelako taldearekin bere lana eginez". Testuinguru horretan, zuzendaritza berriak arraunlariekin duen "gertutasunak" taldea kudeatzerakoan abantaila handia ematen duela uste dute. "Gu behar denean laguntzeko gaude, badakigulako arraunlariek ordu asko pasatzen dituztela klubean, eta arazo txiki bat handi bihur daitekeela dagokion momentuan esku-hartzen ez bada".

 

Aldaketak

Elkartearen gidaritza hartu bezain pronto, hainbat aldaketa egin ditu zuzendaritzak, eta aitortu dute erabakiak hartzea "oso zaila" izaten ari dela, "bidean min eman daitekeelako". Orain, ordea, aurrera begira jarri dira, duela pare bat aste hasi ziren seniorrak entrenatzen Mikel Arostegi oriotarraren gidaritzapean, eta orain garrantzitsuena arraunlariak prestaketan murgiltzea dela uste dute. Arostegi entrenatzaile gaztea bada ere, aukera egokia dela uste dute "herriko semea" izanda "oriotartasuna barru-barruan" daramalako, "kluba oso ondo ezagutzen" duelako eta herritik kanpo entrenatzaile gisa egindako ibilbidean "bere balioa" erakutsi duelako. "Hemendik pasatu diren entrenatzaile guztiek ahal duten guztia egin dute taldea goi mailara eramateko, eta arraunlariek horiek helarazitako ezagutza guztia barneratzen dute arraunlari bezala hazteko. Emaitzei dagokionez, ordea, faktore askok eragiten dute, eta batzuetan asmatzen da eta besteetan, ez. Hala ere, argi dugu etxeko entrenatzaile gazteei ere aukera eman egin behar diegula, eta guk Arostegiren aldeko apustua egin dugu", azaldu du argi Olasagastik. 

Gizonezkoen taldean ez ezik, emakumezkoen taldean ere aldaketa garrantzitsua izango da, azken urteetan emakumeen traineruko patroia izan den Nadeth Agirrek arrauna uztea erabaki duelako. Zuzendaritzak argi du "hutsune garrantzitsua" lagako duela Agirrek taldean. "Esan zigun tarteka gustatuko litzaiokeela klubera hurreratzea taldearekin harremana mantentzen jarraitzeko. Patroien gaiak ere kezkatzen gaitu, harrobia lantzearekin batera, patroiak prestatzea behar-beharrezkoa delako. Oriok bere historian zehar patroi handiak izan ditu, eta uste dugu azken urteetan ez dela nahikoa lan egin etxeko patroiak izateko. Patroi ona izateko egokiak ziren bat baino gehiago pasatu dira klubetik, baina ez da beraiekin lanketa egin. Badakigu lehiaketak oso maila handia izaten duela, eta zaila dela patroi gazteei aukera ematea, baina konfiantza eman behar zaie, eta alderdi hori ere jorratuko dugu", azpimarratu dute. 

 

Orio punta-puntara

Urriaren 17an zuzendaritza berriak bere proiektua azaldu zuenenean, besteak beste "Orio dagokion mailara" bueltatu nahi zutela nabarmendu zuten, punta-puntara. Zuzendaritza berriko kideek jakin badakite "erronka zaila" dela, baina ez dute punta-puntara "edozein preziotan" iritsi nahi: "Argi dugu zein den helburua, baita hori lortzeko bidea ere: harrobia". Kluba indartzea dute helburu, eta horretarako, "bide luzea" aukeratu dute. "Neska-mutil onak ditugu, baina gazteek denbora eta konfiantza behar dute ikasteko, eta horretarako aukera eman nahi diegu. Hobetzen joango dira eta iritsiko da une bat esango duguna: hau dek hau trainerua lortu duguna. Errefortzuak ere beharko ditugu taldean, baina herriaren izaerari eutsita. Diruarekin irabazteak bide motza du. Ez da Oriorentzat nahi dugun eredua".

Horregatik, argi dute Orioko arraun elkarteko gazteei, txiki-txikitatik, "presiorik gabe arraunerako harra" sartu behar zaiela. "Gazteek jolastera eta arraunean gozatzera etorri behar dute. Naturaltasunez sortuko zaie irabazteko grina, eta horrek ekarriko du prestatzeko gogoa izatea. Eta, hazten doazen heinean, euren bidelagun izan behar dugu. Kontua ez da infantil edo kadete mailan ahal dugun zuku gehiena ateratzea; garai horiek ikasteko urteak dira, seniorretara iristen direnean gogoarekin har dezaten arraunlari izateko erronka. Modu horretan, seniorretara iritsiko dira oso motibatuta, maila onarekin eta beste metodo batzuk erabilita iritsiko liratekeena baino arraunlari gehiago, orain arte bidean arraunlari asko galdu baitira. Argi izan behar dugu guztiak ez direla onenak izango, baina trainerua hamahiru arraunlarik osatzen dute, eta onena denak gainontzeko guztiak behar ditu taldean, bakarrik ezin baitu trainerua aurrera eraman", adierazi du Olasagastik. 

Bide horretan, "aulki mugikorra oso lagungarria" izan daitekeela uste du zuzendaritza berriak. "Traineruarekin itsututa egoten gara, baina Orio arraunketa olinpikoan erreferentea izan da hamarkada askotan, eta TKE sortu zenetik alde batera geratu da, traineru estropaden ligak indar handia hartu duelako". Horregatik, arraunketa mugikorrari "merezi duen garrantzia" eman nahi diote, arraunketa olinpikoa egiten duen arraunlariak "beste kalitate bat" duela sinetsita daudelako. "Alde batetik, ababorretik zein istriborretik arraunean egiten ikasten dute arraunlariek, eta bestetik, uraren gainean joateko sentsazio hori oso barneratuta izaten dute, arraunketa mota hori askoz ezegonkorragoa delako".

Gaur egun arraun elkarte garrantzitsuenetan dauden entrenatzaileak Orioko harrobikoak edo bere kirol ibilbidean noizbait bertatik pasatakoak dira, eta zuzendaritzak uste du hori badela Orio Arraunketa Elkarteak hamarkadetan zehar egin duen lan handiaren seinale. "1990. hamarkada oso emankorra izan zen, eta gaur egun arraun munduan erreferente diren entrenatzaile horiek hemen ikasi zituzten gaur egun aplikatzen dituzten oinarriak. Horregatik, Oriori arraun munduan izan duen erreferentzialtasun hori bueltatu behar diogu, eta horretan saiatuko gara. Orion neska-mutil piloa dabiltza arraunean, eta harrobia ondo zaintzen badugu, etorkizun oparoa izan dezakegu. Gurpila martxan jartzen denean, eta dinamika egokia hartzen dugunean, elkarte indartsua lortuko dugu, kalitate eta kantitate handiduna, Oriok beti izan dituen anbizioa eta oriotartsuna ardatz dituena". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!