Gabonetako egitarau oparoa izango du Oriok

Andrea Zipitria 2023ko abe. 15a, 15:00

Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, pasa den urtean.

Adin guztietako oriotarrentzat izango dira ekimenak, abenduan eta urtarrilean. Gaur ekingo zaio Gabonetako egitarauri. Herrio natur taldeak eta bi ikastetxeek antolatutako Jostailuen eta Liburuen bilketa egingo dute. Gainerakoan, jolasak, bertsoak, kontzertuak eta kirol ekimenak izango dira, besteak beste, Gabon garaian. 

Orioko Udalak jardueraz betetako programazio zabala aurkeztu du Gabon garairako. Hala, abenduan eta urtarrilean zehar, hainbat jardueraz gozatu ahalko dute adin guztietako oriotarrek.

Urtero bezala, udalak herriko eragileekin elkarlanean prestatu du programa. Gaur bertan ekingo zaio. Herrio natur taldeak eta bi ikastetxeek antolatutako Jostailuen eta Liburuen Truke Azokarekin, hain zuzen ere. Herriko Plazan izango dira gaur arratsaldean, materialak biltzen, eta bihar, 10:30etik 14:00etara, egingo da azoka, toki berean.

Datorren ekimena hilaren 21ean izango da. Danbolin Musika eta Dantza Eskolako eta Salatxo abesbatzako kideak irtengo dira kalera, eta 18:00etatik aurrera, Gabonetako kontzertua emango dute. Hurrengo egunean, Harribil dantza taldeak, Salatxo abesbatzak, Danbolin Musika eta Dantza Eskolak, Talai Mendi elkarteak eta beste zenbait eragilek elkarlanean Herribil ikuskizuna taularatuko dute kiroldegian, 22:00etan hasita.

Abenduaren 23an, meta egiten saiatuko dira Herriko Plazan, eta Imanol Insausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariak girotuko dute saioa.

Mari Domingi, Olentzero eta laguntzaileen zein erregeen etorrerak ez dira faltako aurten ere. Ohi bezala, Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera izango da hilaren 24an. 11:00etan hasita, kantu-jiran ibiliko dira bi ikastetxeetako haurrak. Arratsaldean, txokolate-jana izango da, Arkupe elkarteak prestatuta, eta segidan, Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera egingo da, Lera taldeak antolatuta.

Erregeen Kabalgatari dagokionean, urtarrilaren 5ean izango da. Zubitik kiroldegira joango dira, udaletxean geldialdia eginda. Eta danborradan parte hartu nahi dutenek abenduaren 27an, 18:00etan, eman beharko dute izena kultur etxean. Gainerakoan, haurrei zuzendutako hiru ekimen izango dira Gabonetan Orion, eta beste hiru helduen gozagarri.

Haurrentzako saioak:

  • Abenduak 27. euskal mitologian oinarritutako haur-jolasak, goizean pilotalekuan.
  • Urtarrilak 3. Munduari itzulia 80 egunetan bakarrizketa, 18:00etan, kultur etxean.
  • Urtarrilak 4. puzgarriak pilotalekuan (goiz eta arratsaldez).

Helduentzako saioak:

  • Abenduak 27. Rivers of Babylon Spirit taldearen gospelkontzertua, 19:30ean elizan.
  • Abenduak 29. bertso-poteoa herriko txarangarekin, 18:30ean Herriko Plazatik hasita.
  • Abenduak 31. San Silvestre lasterketa: 11:00etan haurrak eta 12:00etan helduak, ikastola pareko plazatik abiatuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!