Netherland Bach Societyk Kursaalen emango duen kontzerturako autobusa izango da Oriotik

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 18a, 13:00

Abenduaren 23an izango da Netherlands Bach Society taldearen emanaldia.

Herbeheretako taldeak kontzertua emango du abenduaren 23an Kursaal Eszenaren egitarauaren barruan.

Bachen Magnificat eta Scheinen, Lassusen edota Kuhnauren obrak entzuteko aukera izango da abenduaren 23an, larunbata, Donostiako Kursaalen Netherlands Bach Society taldeari esker. Kursaal Eszenaren egitarauaren barruan sartzen den emanaldia 19:30ean hasiko da.

Gabon giroko saio bizi honetan, Alex Potter abeslari eta zuzendariak Bachen lehen aurrekoetatik Magnificat maisulanera gidatuko du entzulea. Ilunpetik argirako ibilbide musikal honetan, Gabonen aurrerapena eta alaitasuna entzungo dituzte kontzertura bertaratuko direnek.

Aurreko emanaldi batzuekin gertatu bezala, Kursaalek autobusa jarriko du lurraldeko musikazaleak Donostiarako joan-etorrirako. Orioko kasuan, busa 18:40ean egingo du parada autobus geltokian. Horretarako, aurrez izena eman beharko da orioturismo@gmail.com helbidera idatzita edo 943 835 565 telefonora deituta. Izena emateko azken eguna gaur izango da.

Sarrerak, berriz, www.kursaal.eus atarian daude salgai.