Kaleko argiteriaren arazoak bideratzen ari da udala

Andrea Zipitria 2023ko abe. 19a, 14:00

Azken hilabeteetan arazoak izan dira herriko hainbat guneetako argiteriarekin. Udalari "kezka handia" sortu dio horrek, baina udaletik azaldu dute ia konponduta daudela arazo guztiak.

Azken hilabeteetan herriko hainbat guneetan argiteriarekin arazoak izan dira, eta udalari "kezka handia" eragin dio gaiak; "itzalaldiak daudenean sortzen diren puntu beltzak direla eta". Zentzu honetan, udalak azaldu du konpontzeko bidean direla arazoak.

Mozketen arrazoiak ere zehaztu ditu: Herriko argiteria LED motako bonbilletara aldatu zen duela hiru urte, eta hori dela eta, sistema "sentikorragoa da eta sarriago gertatzen dira akatsak". Era berean, horiek lokalizatzea "nekezagoa" da brigadako langileentzat, eta "denbora gehiago" behar izaten dute egoera bideratzeko. Farola berrien instalazioan, bestalde, "hainbat gorabehera izan ziren, eta horien eraginez, bonbillek maizago huts egiten dute".

Azken honi lotuta, hainbat zuzenketa egiteko eskatu dio udalak lanaz arduratu zen enpresari, eta datozen asteetan etorriko dira konponketak egitera.

Errezabal bideko argiteria

Azaroan bukatu zituen udalak Errezabal bideko asfaltatze lanak, eta argiteria berria instalatuta dago jada. Eguzki panelen bidez kargatuko dira farolak, eta martxan jarri aurretik, ondo kargatzea komeni da. Negu betean gaudenez, otsailerako prest egongo direla aurreikusten da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!