Anuska Esnal: "Iruditzen zitzaigun ezinbestekoa zela hondartzen kudeaketa ikuspegi orokor batekin lantzea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta eta Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 20a, 12:47
Sorosle bat hondartzari begira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko du Donostia ez beste herrietako hondartzen kudeaketa integrala; hau da, sorospen zerbitzua ere bai. Orioko Udala aspalditik ari zen hori eskatzen beste hainbat udalekin batera, eta Karkarak bere iritzia eskatu dio Anuska Esnal alkateari.

Orioko Udalak ez du hemendik aurrera hondartzako sorospen zerbitzua ordaindu beharko, abenduaren 14an Batzar Nagusiek onartu baitzuten Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzea 25.000 biztanle baino gutxiago dituzten lurraldeko herrietako hondartzen kudeaketa integrala. Beraz, Donostia kenduta, Gipuzkoan hondartza duten herri guztiei eragingo die onura erabakiak, tartean eskualdeko guztiei –Zarautzek 23.118 biztanle zituen 2023ko urtarrilaren 1ean, Eustaten arabera–.

Hainbat udalek urteetan egindako eskaera zen kudeaketa osoa aldundiak bere gain hartzearena, eta hain justu, azaro hasieran aldundiko Gobernantza batzordean izan zen eskaera horri buruzko azalpenak ematen Haritz Alberdi Getariako alkatea. Orduan eskaeraren aldeko jarrera agertu zioten Alberdiri EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta Alderdi Popularreko ordezkariek –hein handi batean, baita EAJkoek eta PSE-EEkoek ere–, eta pasa den astean, oposizioko alderdi horiek aurkeztutako mozioa onartu zuten Batzar Nagusiek, bi botoren aldeagatik.

Mozioaren bitartez, Batzar Nagusiek aldundiari eskatu diote hondartzen kudeaketa integrala aldundiak bere gain hartzea 2024. urtea amaitu aurretik; sorospen zerbitzua modu integralean kudeatzea, hondartzen garbiketa zerbitzua bezala, kostako udalerriek zerbitzua baldintza berberetan eman dezaten, bainu egokituaren erabiltzaileei zuzendutakoak barne; eskualdaketa egin bitartean udalei diru laguntza handitzea, kostu osoa estali arte; eta kudeaketa horretan, biodibertsitatea babesteko Europako estandarrak errespeta ditzala.


Orioko eta beste herrietako alkateak, pozik

Anuska Esnal Orioko alkateari gaiaz iritzia eskatuta, hori "pozik" agertu da "gaia bideratzea lortu" delako. Karkarari azaldu dio pasa den agintaldian urtero joan zirela foru aldundira beren eskaera plazaratzera. "Iruditzen zitzaigun, Bizkaian egiten den bezala, Gipuzkoan ere aldundiak kudeatu behar zituela modu integralean sorospen zerbitzuak". Izan ere, Orioko alkatearen esanetan, orain arteko sistemak "bi arazo nagusi" sortzen zizkien udalei; alde batetik, ekonomikoa, eta bestetik, herrien arteko desoreka: "Udalei dirutza kostatzen zaie sorospen zerbitzuak ordaintzea, eta ikusten genuen hori ez zutela gure herritarrek bakarrik erabiltzen, lurralde guztitik etortzen delako jendea hondartzetara; gainera, teknikoki ere lan handia sortzen du zerbitzu horien kudeaketak".

Bestalde, zerbitzua udalek kudeatzen dutenean "herri batetik bestera desberdintasunak" sortzen direla ere nabarmendu du. "Enpresa gutxi batzuek eskaintzen dute zerbitzua, eta lehiaketa bidezko prozesuetan, herri batetik bestera desorekak sortzen dira zerbitzuan nahiz langileen baldintzetan. Horregatik, iruditzen zitzaigun ezinbestekoa zela hondartzen kudeaketa ikuspegi orokor batekin lantzea", argitu du Esnalek.

Batzar Nagusietako bozketaren ondoren, pozarren zen Haritz Alberdi Getariako alkatea ere: "Emozio ikaragarria sortu dit erabakiak. Eskerrik asko hiru alderdiei herri txikiontzat guztiz bidegabea zen egoera hau zuzentzen laguntzeagatik. Gure herritarrek merezi zuten albiste pozgarria da. Gure herritarren beharrei erantzuteko, datozen lau urteetan 700.000 euro inguru gehiago izango ditugu herrian. Hori ikaragarria da!".

Beste herrietako ordezkariez ere gogoratu zen Alberdi, eta aldundiari elkarlanaren aldeko mezua helarazi nahi izan zion: "Beti hor egongo dira hondartzen kudeaketa integralerako gure ezagutza eta konpromisoa, eta erakunde eta eragileen arteko elkarlana sustatzen jarraituko dugu".

Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza, era berean, aurrera begira jarri da. "Behin erabakia hartuta, orain falta dena da Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako beharrezko aurrekontua jartzea eta zerbitzua bere gain hartzea. Espero dugu eta nahiko genuke uda honetarako eginda egotea", azpimarratu du.

Ildo horretan, Zarauzko Udalak esan du ez duela gaiaren inguruko baloraziorik egingo oraingoz, "aldundiaren aurrekontuetan gai honetarako partida bat agertu arte ez delako ofiziala izango". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!