"Barne hausnarketatik sortutako kantu intimoez osatu dut lana"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta - Gorka Eizagirre 2023ko abe. 21a, 10:37

‘Aheri’ lan berriarekin bere musika Euskal Herrira zabaltzea eta pertsona bezala publikoarengana hurbiltzea ditu helburu Intza Unanue musikagile oriotarrak.

Intza Unanue (Orio, 1996) oriotarrak Aheri diskoa kaleratu zuen azaroaren amaieran eta, Durangoko Azokan aurkeztu ondoren, oholtza gainean jendaurrean eskaintzeko gogotsu dago.

Azaroaren bukaeran kaleratu zenuen disko berria. Zer moduzko harrera izan du herritarren artean?

Durangoko Azokaren atarian, disko asko kaleratu ziren nik nirea argitaratutako aste eta egun bertsuetan, eta iruditzen zait harrera hori atzeratzen ari dela. Oraintxe hasi da publikoa Aheri diskoa entzuten eta lehen feedbackak ematen. Orain arte, nahiko gustura nago jendearen erantzunarekin. Durangoko Azokan izan nintzen diskoarekin, eta horren eraginez, lehen ezagutzen ez ninduten askok entzun dituzte nire abestiak; horien erantzunak jaso ditut nagusiki. Oso pozik nago lortu dudalako nire musika zabaltzea. Disko honen helburua publikoa ni ezagutzen hastea da. Herrian ezaguna naiz, musikagatik ez bada, hemen guztiok ezagutzen dugulako elkar, baina lan honen bitartez herritik atera nahi nuen, publiko zabalagoarengana iristeko.

Hamar abestiz osatuta dago diskoa. Zer aurkituko dute entzuleek bertan?

Ez da abesti bilduma bat, aurreko EPa bezala. Disko kontzeptual bat da; azken hiru urteetan egindako barne hausnarketatik sortutako kantu intimoez osatu dut lana, nahiz eta mugimenduko abesti batzuk ere biltzen dituen.

Bide luzea daramazu musikaren munduan. Disko berriak balio izan al du orain arteko ibilbidea borobiltzeko?

Bai, are gehiago, ibilbide musikalaz harago, ibilbide pertsonala eta profesionala ere bai; orain arteko urte hauetan guztietan bizitakoaren bilketa dela esan genezake. Dezente hitz egiten dut kantuetan nik eta ingurukoek bizi izan ditugun gertakariez. Bada, alde batetik, ni musikari gisa ezagutzeko lan bat, baina baita pertsona bezala jendearengana hurbiltzeko modua ere.

Esan duzu barne hausnarketa oinarri duten abesti intimoez osatuta dagoela bilduma. Horrek sorkuntza prozesuan aldaketarik eragin al dizu?

Disko honen sorkuntza prozesua desberdina izan da, bai, hasieratik nuelako garbi kontzeptuala izatea nahi nuela, kantuek elkarren artean lotura izan zezaten. Horregatik, sortzen hasi aurretik, kontzeptu horren bila hasi nintzen, eta gizartean egunerokotasunean aurkitzen ditugun dikotomietan jarri nuen arreta; gure barruan izaten ditugun bi alderdietan, alegia. Iruditerian aingerua eta deabrua bezala izendatu izan dira, baina egoa eta intuizioa izango lirateke. Bi alderdi horiek zertan eragiten diguten hausnartzen hasi nintzen, hartzen ditugun erabaki horietan guztietan eragina izaten baitute. Prozesua hasi nuen hori guztia bilduz eta nire hausnarketa propioa eginez, eta hori garbi izan nuenean, hitzak idazteari ekin nion. Olerkiak sortu nituen, lan honetan garrantzi handia eman diodalako helarazi nahi nuenari. Horietako batzuk kantu bihurtu ziren melodiarekin uztartuta; beste batzuk, berriz, bidean geratu dira.

Musika estiloari dagokionez, aldaketarik ba al da aurreko lanarekin alderatuta?

Pop estiloa izaten jarraitzen du, baina lehen lana nahiko organikoa zen, eta akustikoagoa. Oraingo honetan, ordea, ekoizle batekin elkarlanean jardun naiz, eta txertatu ditugu bestelako soinu ez-organiko batzuk, digitalki sortutakoak.

Ekoizpenean parte hartzeak musikari gisa aberastu egingo du norbera, ala?

Bai, Bilbon ibili naiz El Tigre estudioetan Jon Zabalarekin, eta asko ikasi dut, Zabala badelako gauzak azaltzekoa eta iritzia ematekoa. Gainera, balio izan dit konturatzeko nire musika ulertzeko moduak baduela balioa eta ez naizela uste nuen bezain ezjakina zentzu horretan. Ekoizleak eta nik gauza bera pentsatzen dugula ohartzeak edo nik zerbait proposatu eta berari ere ideia ona iruditzen zitzaiola ikusteak balio izan dit musikari bezala segurtasuna hartzeko.

Abenduaren hasieran Durangon izan zinen. Nola sentitu zinen euskal kulturaren plaza erraldoian?

Alboan nituen sortzaile gehienak, ni bezalaxe, hasiberriak ziren; euren lehen urtea zuten Durangoko Azokan. Beraz, nahiz eta diagonalean ikusten nituen beste maila batean dauden abeslari eta taldeak, babestuta sentitu nintzen ni bezala zeuden sortzaileen artean. Uste dut, gainera, jendea ohartzen zela gure lehen aldi horretaz gure albotik pasatzean, eta bisitariek jarrera irekia izan zutela gu ezagutzeko.

Lehen aipatu duzu sortzaileontzat garrantzitsua dela Durangokoa bezalako bilguneetan egotea publikoak zuek ezagutzeko.

Bai. Durangoko Azoka bezalako egitasmo batean, talde handien helburua izaten da salmentak egitea eta publikoarekin harremanetan egotea. Hasiberriak garenontzat, ordea, salmentak egitea baino gehiago, xedea da gu ezagutzea eta gure izenarekin geratzea, etxera joaten direnean gure musika ezagutzeko gogoa izan dezaten. Gainera, sortzaile asko juntatzen gara horrelako tokietan, eta beti dago aukera esperientziak partekatzeko eta ikusteko bidean aurkitzen ditugun zailtasunak besteek ere bizi dituztela. Bidea ez da batere erraza guztia norberak egiten duenean. Talde handiek badituzte managerrak, kontzertuak lotzen dizkieten agenteak edo diskoa ateratzen laguntzen dietenak. Bidea bakarrik egiten ari garenok, ordea, askotan bakarrik sentitzen gara. Horregatik, gure egoera berean dauden sortzaileekin esperientziak partekatzea oso aberasgarria da.

Gero eta ohikoagoak dira artisten arteko kolaborazioak. Durangon sortutako harreman horietatik ere atera al daitezke elkarlan berriak?

Hala uste dut. Agian epe laburrean ez, guztiok diskoa atera berri dugulako eta gure helburua delako ahal den plaza gehienetan aurkeztea. Dena dela, uste dut luzera aterako direla kolaborazioak Durangon sortutako harreman berri horiei esker, batez ere kontzertuak lotzeko garaian. Nik, esaterako, ezagutu nuen Esan Ezin izenpean aurkezten den abeslari bat, eta hitz egin genuen elkarrekin kontzertuak eskaintzeko aukeraz, agian errazagoa izan daitekeelako modu horretan emanaldiak lotzea.

Zer asmo dituzu datozen hilabeteetarako?

Nahi nuke jendea nire musika entzuten hastea, asteburuetan Euskal Herrian zehar kontzertuak eman ahal izateko. Badakit zaila dela, azken hilabeteetan musikari eta musika talde askok atera dugulako lan berria eta guztiok dugulako horiek estreinatzeko gogoa. Baina nire helburua da ahal dudan kontzertu gehiena lortzea, biratxo txiki bat egin ahal izateko.   

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!