Orio Eragin osatzen eta babesten dutenei aitortza egiteko festa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 23a, 16:45

Klubak bere esker ona adierazi nahi izan die orain arteko ibilbidean lagundu duten eta laguntzen ari diren guztiei. Hala, herriko plazan jarritako oholtzara igoarazi ditu eskubaloi talde guztiak, entrenatzaileak, babesleak eta lehenengo zuzendaritza taldeko hainbat kide.

Orio Eragin eskubaloi klubak festa ospakizun berezia izan du gaur eguerdian, herriko plazan. Gabonetako ospakizunak direla-eta eskubaloi liga guztiak eten dituztela baliatuta, Eragin osatzen duten jokalari, entrenatzaile nahiz babesle guztiei aitortza egitea zen klubeko zuzendaritzaren asmoa eta halakoa izan da erantzuna. Izan ere, plaza bete dute eta txalo zaparrada handiekin eta animo oihuekin hartu dituzten oholtza gainera igo diren guztiak.

Hotzari aurre eginda, mahuka eta galtza motzean pasatu dira oholtzatik klubeko talde guztiak adin hurrenkeran: eskubaloi eskolako gaztetxoak izan dira lehenengoak, eta Bete Gazte taldekoak azkenak. Jokalariekin batera, taldeetako bakoitza laguntzen duen babeslearen ordezkariak igo dira oholtzara eta zuzendaritzako kideek opari bana eman diete esker ona adierazteko. Eraginek egun dituen 214 jokalariek ez ezik, entrenatzaileek eta talde bakoitzeko kapitainek ere jaso dute txalo aitortza.

Halaber, aitortza berezia eskaini diete klubaren sorrera bultzatu zuten eta egun zuzendaritza utzita dauden bost kideri. Nolanahi ere, gehienek klubarekin lotura estua izaten jarraitzen dute oraindik jokalari edota entrenatzaile lanetan dihardutelako.

Behin aurkezpen guztiak amaituta, plazan bertan jarraitu dute festa jan edanean, Euskal Parrilako kideek prestatutako pintxoekin, eta, musikaz lagunduta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!