Kulturaren Plan Estrategikoa garatzeko deialdia zabaldu du udalak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 28a, 14:30
Orioko Kultur Etxea. (Karkara)

Herriko eragileek eta norbanakoek egindako ekarpenarekin diseinatu nahi dute, eta, prozesua bideratzeko interesa duten aholkularitza enpresek urtarrilaren 10era arteko epea dute proposamenak aurkezteko.

Orioko Udalak iragarri du herriko Kulturaren Plan Estrategikoa garatuko duela eta aholkularitza enpresa bat kontratatuko duela horretarako. Azaldu duenez, premiazkoa ikusten du herriko kulturaren egoera orokorraren azterketa egitea; besteak beste, kultur politiken egokitasuna neurtzeko, eta, kultur eragileen osasuna, harremanak eta azpiegiturak zein egoeratan dauden ikusteko.

Horrez gain, udalak zehaztu du parte hartzailea izango dela plan estrategikoa garatzeko proezesua. Horregatik, proeiktua bideratuko duen enpresak herriko eragileekin eta norbanakoekin bildu beharko du haien ekarpenak jasotzeko. Halaber, kultura saileko lankideekin elkarlanean aritu beharko du.

Orioko Kulturaren Plan estrategikoa gratzeko kontratua esleitzen dioten enpresa 2024ko otsailean hasiko da azterketa egiten, baina horretarko eskaera egin beharko dute aurrez. Proposamena landu eta aurkeztu nahi duten enpresek kultura@orio.eus helbidera idatzita eskatu dezakete deialdiaren oinarrizko txostena. Urtarrilaren 10a izango da proposamenak aurkezteko azken eguna.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!