Bihar bukatuko da Orioko San Silbestrean izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 29a, 09:00

Orioko San Silbestre lasterketa. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Kronoak.com atariaren bitartez egin behar da, eta parte hartzeko gutxieneko adina 16 urte izango da. 14 eta 15 urtekoek ere parte hartu ahal izango dute, baina gurasoek baimen-orria betetzen badute.

Urteko azken eguna kirola eginez bukatzeko, San Silbestre lasterketa antolatu du Orioko Atletismo Taldeak, Orioko Udalaren laguntzarekin, 12:00etan. Zirkuitua urterokoa izango da, 5 kilometroko distantziarekin, baina aurten helduen lasterketan ezingo da egunean bertan izena eman. Horretarako azken eguna bihar izango da.

Abenduaren 30ean, 23:00etan itxiko dute inskribatzeko epea, eta nahi duenak Kronoak.com atarian egin beharko du. Gainera, antolatzaileek gogoratu dute ezingo dela dortsalik gabe parte hartu, "segurua behar da eta hori dortsalarekin lortzen da", zehaztu dute.

Helduen lasterketan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urte izango da. Nolanahi ere, 14 eta 15 urteko gaztetxoek ere parte hartu ahal izango dute, baina horretarako ezinbestekoa izango da gurasoek baimen-orria betetzea.

Sariak izango dira lehenengo postuetan sailkatzen diren korrikalarientzat, emakumeen zein gizonen kategorietan, eta parte hartzaile guztien artean ere hainbat sari zozkatuko dituzte.

Haurren lasterketa

Umeentzako San Silbestre lasterketak ere prestatuko ditu Orioko Atletismo Taldeak, adin tarte bakoitzari egokitutako ibilbidearekin. Haurrek egunean bertan eman beharko dute izena eta orduan jasoko dituzte beren dortsalak ere.

Honakoak izango da Orioko San Silbestre lasterketako ordutegia:
- 11:00. HH5etik beherako haurren proba: 150 metro.
- 11:10. LH1 eta LH2koen lasterketa, Sarasua erretegitik helmugara: 300 metro.
- 11:20. LH3 eta LH4ko proba: 600 metro.
- 11:30. LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko haur eta gaztetxoen proba: buelta txikia 1.700 metro.
- 12:00. Helduen proba: buelta txikia eta handia 5.000 metro.

Orioko San Silbestre lasterketako ibilbideak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!