Martin Iriondo eta Ainhoa Usandizaga izan dira garaile Orioko San Silbestrean

Urtzi Oteiza 2023ko abe. 31a, 16:00

Iriondok lasterketako marka berria jarri du, gainera. Jende ugarik hartu du parte aurten ere urte amaierako kirol hitzorduan.

Orioko Atletismo Taldeak antolatuta, San Silbestre lasterketa jokatu dute gaur eguerdian Orion. 11:00etan eman diote hasiera probari, eta giro aparta egon da hitzorduan. Lehen zatian etxeko txikiek eta gazteek parte hartu dute lasterketan, adin tarte bakoitzera egokitutako ibilbidea osatuz. Beste behin, belaunaldi berriak ere indartsu datozela erakutsi dute haurrek.

12:00etan hasi da helduen lasterketa, eta 283 lagunek agurtu dute urtea korrika. Umore ona ez da falta izan urteko azken lasterketan, eta pozez helmugaratu dira parte-hartzaileak. Hala, gizonen kategorian, Martin Iriondo izan da azkarrena. 5 kilometroko ibilbidea 14 minutu eta 12 segunduan osatu du, probako errekor berria ezarriz. Irabazlearengandik 26 segundora iritsi da Jokin Bellido oriotarra, eta 3. postuan sailkatu da Xabat Elortza oriotarra, lasterketa 15 minutu eskasean bukatuta.

Emakumezkoetan, berriz, Ainhoa Usandizaga aiarra izan da nagusi, 0:18:47ko denboran zeharkatu baitu helmugako lerroa. Bigarren postuan sailkatu da Alaitz Saizar oriotarra, 41 segundora, eta hirugarren izan da Lucia Parada oriotarra, bi minutura.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!