Orioko patroi berria

Maider Etxaniz: "Ilusioz betea nator, eta uste dut hori dela garrantzitsuena"

Pettan Uralde/Berria 2024ko urt. 7a, 13:00
Maider Etxaniz, Orio Arraunketa Elkarteko patroi berria. (Berria)

Ez da erraza Orioko patroia izatea, ezta Nadeth Agirreren lekukoa hartzea ere. Bada, Maider Etxanizek hartu du erronka hori. Gogoz dago ekarpena egiteko, Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan kontatu duenez.

Nadeth Agirrek iazko denboraldiaren amaieran iragarri zuen Orioko lemazain izateari utzi eta arrauna alde batera utziko zuela. Ontzi horiaren txopan izandako patroirik handiena izan da Agirre, eta, haren itzala handia izango bada ere, norbaitek hartu behar zion lekukoa. Maider Etxaniz ausartu da (Oiartzun, Gipuzkoa, 2000). Urtebetez arraunetik kanpo egon arren, indarberriturik itzuli da. San Juanen aritu da txikitatik, eta mirotzen deia ez du alferrik joaten utzi. "Ilusioz, gogoz eta motibazioz beteta" dagoela onartu du.

Nolatan sortu zaizu Orion aritzeko aukera?

Patroi baten beharrean zegoen kluba, eta oso patroi gutxi gaude Euskal Herrian. Pentsatzen dut bila aritu zirela eta nirekin egin zutela topo. Gainera, San Juanek Oriorekin trainerua atera zuen 2019an, eta horietako batzuekin arraun egin nuen, eta elkar ezagutzen dugu. Aukera eman zidaten, eta nik ezin nuen alferrik galdu.

Azken urteak San Juanen egin dituzu, ezta?

Oiartzuarra naiz, baina betidanik San Juanen egin dut arraun. Lotura berezia daukat San Juanekin. Nire familia bertakoa da, eta nire lehengusua ere patroia izan da San Juanen.

Baina 2022an ez zenuten lortu trainerua ateratzea. Nola izan zen hori?

Egia esan, lasaitua izan zen niretzat. 2021a oso gogorra izan zen niretzat, oso neketsua psikologikoki. Gauzak ez zitzaizkigun ondo ateratzen, eta motibazioa falta nuen. Taldekideak ere ni bezala zeuden, eta erabaki genuen egokiena geldialdi bat egitea zela.

Eta aurreko urtean non aritu zinen?

Ez naiz inon aritu. Baina, tira, ez dut galdu arraunarekiko lotura.

Egoera ikusita, prest ikusten duzu zeure burua Orio bezalako talde baten patroia izateko?

Uste dut ez dudala ikusiko lehen estropadara arte. Baina beldurra kenduko dut, eta, pixkanaka lanean hasita, egokitzen hasiko naiz. Hasia naiz entrenatzen, eta horretara jarriko dut neure burua.

Irakurri elkarrizketa osorik Berria.eus atarian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!