HERRIAN GALDEZKA

Olentzero eta Mari Domingi ala hiru Erregeak?

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko urt. 9a, 12:00

Urtarrileko aldizkariko Herrian Galdezka atalean Gabonetako ohituren inguruan galdetu die Karkarak hiru herritarrei.

MARIAN ZUBIA

"Gure etxera Erregeak etorri izan dira beti, baina gure seme-alabak txikiak zirenean, lagunen etxeetara Olentzero ere joaten zenez, berarekin hitz egin genuen guretik ere pasa zedin. Hori bai, Olentzerok Ikastolarako materiala edo liburuak ekartzen dizkie, eta Erregeek, berriz, opariak. Niri Gabonetako giroa asko gustatzen zait, eta gozatu egiten dut horren bueltan antolatzen diren ekitaldiekin. Urteak pasa ahala, ordea, geroz eta jende gutxiagok parte hartzen duela konturatzen naiz, eta pena ematen dit. Eskerrak eman behar dizkiegu Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Errege Magoen desfilea antolatzen dutenei. Uste dut guztiok egin behar genukeela ahalegina horiek bizi-bizirik mantentzeko".

 
NEREA MIRALLES

"Gure etxera guztiak etortzen dira, eta gaur egun denetarik izaten dugunez, opari bereziak ekartzen dizkigute, bestela erosiko ez genituzkeenak, gure zaletasunekin lotutakoak. Aldatzen ari dira ohiturak. Ni haurra nintzenean, esaterako, Erregeak izaten ziren opariak ekartzen zituztenak nagusiki, eta orain, iruditzen zait indarra hartu dutela Olentzerok eta Mari Domingik. Orion, gainera, horien bueltan emanaldi ikusgarria egiten da, garrantzi handia ematen zaio herri mailan, eta horrek berak sortzen du giro berezia, eta haurrak eta helduak jaian murgiltzen ditu. Orioko Erregeen desfilea ere magikoa da niretzat; gu Zarautzen bizi bagara ere, seme-alabak Oriora ekartzen nituen txikiak zirenean Erregeak bertatik bertara ikustera".

 
ELI BELLO

"Gure etxera Erregeak etorri izan dira beti. Tolosarra naiz izatez, eta han oso modu berezian ospatzen da Errege Magoen desfilea ni haurra nintzenetik. Urtarrilaren 5ean baserritarrez jantzita ateratzen dira herritarrak kalera, eta Erregeak mendian barrena iristen dira herrira. Oso berezia izaten da egun hori, eta gure etxean betiko ohiturekin jarraitzen dugu Erregeak ospatzen. Gaztea nintzenean, Olentzero ere etortzen zen Tolosara, baina garai hartan politika gaiekin lotzen zen askotan, eta nik ez nuen gertukoa sentitzen. Dena dela, gaur egun, gure etxean Erregeak ospatu arren, asko gustatzen zait Olentzero eta Mari Domingiren bueltan Orion egiten den jaialdia; ikusgarria da benetan, eta giro bikaina sortzen da".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!