GUTUNA

Gutuna: Mutriku Natur Taldea

Mutriku Natur Taldea 2024ko urt. 10a, 11:51

Euskadiko Angulero Elkarteak Karkaran publikatutako Gezurra esan dezakezue, baina ez gaituzue engainatzen artikuluari erantzuna emanaz, Mutriku Natur Taldeak honako gutuna idatzi du.

Urriaren 30ean Euskadiko Angulero Elkarteak Karkaran Gezurra esan dezakezue, baina ez gaituzue engainatzen artikulua argitaratu zuen, Naturkon eta bertako kide diren Aitziber eta Mutriku Natur Taldeko gezurrei, difamazioei eta asmo txarreko adierazpenei erantzunez.

Guk ez daukagu anguleroekin ezer eztabaidatzeko, eta asko erabaki politikoak hartzen dituztenekin, baina azken honek gurekin ez biltzeko hartu duten erabakia dela eta, eta gaiak duen larritasuna kontuan hartuta, ezinbestekoa ikusi da artikulu horretan egiten diren baieztapen okerrak zuzentzea.

EJko Arrantza zuzendaritzatik angula arrantza profesionalizatzeko behin-behineko dekretuari egindako alegazioei eman beharreko erantzun aurretik DVn aurreratu dute beraien erabakia. Argi dago Bittor Oroz kontseilariordeak eta Leandro Azkuek arrantza zuzendariak zein hedabide dituzten gustuko beren azalpenak emateko eta propaganda instituzionalez hornitzeko.

Hasieran aipatutako artikuluak Aitziber Sarobe Egiguren biologoak esandako gezurrei eta difamazioei erantzutea zuela helburu aipatzen zen; baina, gezurrak eta difamazioak zeintzuk ziren zehaztu gabe. Naturkoneko ordezkariak datuekin eta informazio-iturri kontrastagarriekin plazaratzen dituzte euren iritziak. Halakoak eztabaidatu beharrean, maila pertsonaleko gutxiespenak bilatzen dituenak (besteak beste, datu biografiko okerrak emanaz), bere burua gutxietsi baino ez du egiten.

Angulak “saldu” egiten direla diogunean difamatzen gabiltzala, baita angulero elkarteak salaketak sartzea besterik ez duela esaterakoan. Salaketa hauek sartzeko hainbat eragile daude, Udaltzaingoa, Ertzaitza, arrantza ikuskatzaileak...Borondate kontua da. Gogoratu bakarrik pasa den abuztuan merkatu beltzerako ziren 18 Tn angira (20 milioi euroko balioarekin) atzeman zituela Guardia Zibilak. Abenduaren 15ean furgoneta baten 170 kilo angula ezkutuan zeraman bat atxilotu zuen Guadalajaran, angularen jatorria zein den oraindik ez da argitaratu. Urteroko kontuak dira. 

Ondo dakigu angila europarraren stock-a bakarra dela. Gaur egun, Europako Iparraldeko lurretara 1980ko hamarkadan ailegatzen ziren angula kopuruetatik  %0,4 ailegatzen da, eta EAEko ibaietara 80ko hamarkadan etortzen zirenetatik orain, %8,8 ailegatzen da ( 2014an, %5 azpitik egon zen). Hain zuzen ere, Golkoko korronteak dakartzan angula kopuru totalaren zati handi bat Kantauri itsasoko ertzetako ibaietara eta Frantziako hegoaldeko ibaietara bideratzen ditu. Azken urteetan, Europako aisialdi angula arrantzaren %100 Gipuzkoan eta Bizkaian burutu da, eta angiraren egoera kritikoa denez, iaz Europako agintariek bertatik bizi ez direnei arrantza eskumen hori murriztea izan zen lehenengo pausoa. Benetako profesionalei ere murrizketak etorriko zaizkiela espero behar dugu, baina ezagutzen ditugu politikariek ze kasu egiten dieten aholku zientifikoei.

Angularen heriotzaren arrazoiak asko dira, ibaietako oztopoak, zentral hidroelektrikoen turbinak, ibai ertzetako kanalizazioak eta baso galerak, kontaminazioa, Asiako angirak soltatzeak ekarri duten nematodo bat… baina arrantza ere horietako bat da, eta ez txikiena. Kilo bat angulatan 3.300 aingira txiki daude. 0,3 gramo bueltan dabiltza bataz beste gure ibaietan arrantzatzen diren angula bakoitza. Beti besteari kulpa botatzea eta norberaren kalteak gutxiestea ez da inolaz ere jokaera egokia.

Angulero elkarteak “arrantza eta kontserbazioa modu arduratsu eta iraunkorrean burutzea” proposatzen dute beren estatutuetan. Betirako desagertzeko arriskuan dagoen espezie bat nola arrantzatu litekeen modu arduratsu batean azalduko ote digute?

Egungo testuinguruan, Euskal Herriko sukaldari ospetsu batzuk aurrerapauso bat proposatu digute gizarte osoari beraien jatetxeak erreferente bihurtuz. Zoritxarrez, elkarte honi ekimen hau hausnarketa sakon batera bideratu beharrean, haserrea sorrarazi dizkie.

Orion famatu egin den Bisigu eguna ospatzerakoan, kontutan hartu beharko genuke neguko arrantzan hain beharrezkoa zen 1980ko hamarkadan gainarrantzagatik desagerrarazi genuela. Orain Orion jaten diren bisiguak, Azores, Algeciras, Conil edo Marokotik...ekartzen dira. Angula desagertzen bada, denean desagertuko da eta ez da egongo nondik ekarri. Hartu beharreko erabakiak ez hartzea garesti irteten duen beste adierazpen bat.

Antxoa ere galtzeko zorian egon zen, gogoratu arrantzaleak izan zirela beda edo moratoria eskatu zituztenak, hori bai, itsasoan hilabete ibili ondoren antxoa bila eta arrastorik aurkitu ez zutenean. Orduan ere agintari politikoengatik balitz… Oraindik arrantzaleak 5 urteko beda haren ondorioak pairatzen dituzte, orduan kontserbagileak hornitzeko ireki ziren beste antxoa espezie eta populaziotik ekartzeko bide komertzialak oraindik ere irekiak segitzen dutelako.

Euskadiko Angulero Elkarte sortu berriak EJren aldetik fabore tratua jasan du. 

Hemen legebiltzarrean gertatu zen berri.

Mutriku Natur Taldeak bere herriko ibai ertzean angula arrantzan moratoria eskatzeko mozioa sartu zuenean burututako ekimen populista diozutenean, esan lehenik Mutrikuko Udalean dagoen Berdeak+Independienteak alderdiak sartu zuela mozioa, bere betebeharrak serio hartzen dituelako, partido politiko-enpresa jokoetatik kanpo. Euskadiko 2/2016 Toki Erakunde legeak bere artikulatuan udal bakoitza bere ingurumena babestea derrigortzen duelako, bakoitzak bere herrian, hor bukatzen direlako udalbatza bakoitzaren eskumenak. EJk bere lana egiten ez duenez, mozio hori herriz herri zabaltzea ideiarekin egina zegoen. Ez da gertatu, baina udalaren eskumenak hor daude.

Jokaera populista dela diozue, ba begiratu hiztegian zer esan nahi duen populista hitzak, Mutrikuko B+I taldeak egindako kontrakoa hain justu. Populista inor ez asaldatzea da, eta gutxiago oraindik lobbya bihurtu diren taldeak, hurrengo hauteskundeetan talde horiei egindako mesedeak nabaritzeko.

Anguleroen jokaera bakoitzak epaitu dezadala. Hor dituzue pare bat bideo. Mutrikun Estibaliz Diaz, Biologian doktorea eta Europa mailan Angila/angulan aditu handienetakoa denak angularen bizitza eta egoeraren berri emandako hitzaldia, angulero elkarteko kideen interbentzioekin.

Mutrikuko udalbatzan Deba ibaiko Mutrikuko ertzean angula arrantzan moratoria eskatzeko mozioa eta bukaeran angulero interbentzioekin ( Mutrikuko udalak ez du grabatzen jendearen erregu galderak ). 29 minututik aurrera.

Guk egindako alegazioak argudio sendo gabe eginak direla diozue, irakurri ez duzuen seinale. Irrikitan gaude horiek nola erantzun dituzten irakurtzeko, eta zabaltzeko. Nahiz eta jakin komunikabide publikoak, eta propaganda instituzional kopuru handiena jasotzen dituzten komunikabideetan nekez azalduko dutela; gaur egun beste medio asko daude lan hori egiteko.

EJ informazioa emateko derrigortuta ez dagoela diozue, bada jakin estatuak sinatua duen Aarthuseko hitzarmenak instituzioak gardentasun osora derrigortzen dituela, diru publikoekin ordaindutako txosten guztiak eskuragarri izatea derrigortzen ditu. Eta, ze motibo egon liteke bada txosten horiek ezkutatzea edo ukatzeak? Ez direlako egin? Ez direlako bat etortzen erabaki politikoarekin?

Esan gu ere angula arrantza profesionalaren aldekoak garela, baina espeziaren egoerak hori baimentzen duenean, ez betiko galtzeko arrisku kritikoan dagoenean.

Gure nahiak AZTIkoei diru gehiago bideratzea beharrezkoa dela diozue, horretaz luze egin dezakegu hitz. Erabaki politiko egokiak hartzeko agintariak informazio egokia eduki behar dute, lehen aipatu bezala, ezjakintasuna garesti irteten delako. Zientziak medioak behar ditu, eta egia esan nik ez dakit zenbat diru jasotzen dituen Ejren jabetza duen AZTI fundazio pribatuak. Aukeran askoz hobeto bertako ikertzaileak funtzionario izango balira, horrek dakarren guztiarekin, eta agintari politikoen borondatearen mende edo beldurrez egon beharrik ez izatea.

Naturkonek arrantzan bakarrik jartzen duela fokua diozue eta angularen habitata babesteko inolako alegaziorik ez dugula diozue, eta orduan nork eskatzen ditu arriskuan dauden espezie guztiei gestio planak egin eta argitaratzea, gestio plan horiek egina dituzten espezie gutxien planak eguneratzea? Nork eskatzen ditu Parke Natural eta beste eremu babestu guztien legeak derrigortzen dituen natura-baliabideak antolatzeko planak eta erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plan zuzendariak egitea eta eguneratzea?

Nork eskatzen ditu aldaketak baso politikan? Nork eskatzen ditu ibai eta erreka bazterrak naturalizatzea eta bere babes eremuak errespetatzea eta zabaltzea? Nor dabil Usurbilen ur lasterren kanalaren aurka eta Orbeldiko presa erantzi dezaten lanean?

Bukatzeko, Angila angila espeziea errekuperatu dezan, Estatuan eta Europar Batasunean arrantzale profesionalei lagundu beharko litzaieke espeziea errekuperatu arte. Gurean ez daukagu profesionalik eta abantaila bat dugu horretan, aukera ona litzateke Andaluzian eta Irlandaren bidea segitzea. Han angila eta angula arrantzak debekatuta daude. Hona hemen angularen berri ematen duen abenduko erreportajea. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!