Aniztasun Istorioak erakusketa ikusgai da kultur etxean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko urt. 14a, 11:00

Erakusketaren helburua da aniztasuna aberastasunetik jorratzea eta eskubideak abiapuntu harturik elkarbizitza baketsua bultzatzea.

Bakerako Lankidetza Batzarraren eskutik argazkiak eta kontakizunak biltzen dituen erakusketa zabaldu dute Orioko Kultur Etxeko areto nagusian, Dibertsitatearen Istorioak izenburupean.  Erakusketaren helburua da migrazioaren eta aniztasunaren aberastasuna azaleratzea, errealitatea estigmatizatzen eta alboratzen duen diskurtsoari aurre eginez. Horretarako, Gipuzkoan bizi diren hainbat herritarren ahotsak bildu dituzte erakusketan. "Gipuzkoar horiek askotariko jatorri, sinesmen, hizkuntza eta bizimoduak dituzte, eta gure gizartea aberasteko aukera ezin hobea dira. Nolanahi ere, desinformazioaren eta aurreiritzi eta estereotipoen ondorioz aberastasun gisa beharrean mehatxu bezala ikusten dituzte askok, gatazkak eta diskriminazio jarrerak sorraraziz". Horregatik, Bakerako Lankidetza Batzarrak uste du "bertakoen eta biztanle atzerritarren arteko elkarbizitza sustatzeko pausoak ematea beharrezkoa" dela, eta horretarako "elkar ezagutza" delako gakoa. "Errespetua eta kohesio soziala oinarri dituen gizartea lortzeko bitartekoak elkarbanatu behar dira, eta aberastasun kulturala baloratua izateko irudi positiboak indartu eta migrazio mugimenduak haien dimentsio guztietan ulertu". Hain zuzen ere, erakusketak urratsak egin nahi ditu zentzu horretan, eta hainbat gipuzkoarren bizipenak bildu ditu horretarako. Ikusgai izango da aste osoan zehar kultur etxeko ohiko ordutegian.

Erakusketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzak babestutako proiektu baten parte da. Aniztasun istorioak gipuzkoar guztiei zuzendutako proiektua da eta norbaitek bere istorioa kontatu nahi balu gipuzkoa@acpp.com helbide elektronikora edo @HistoriasdelaDiversidad traoladun sare sozialetara idatz dezake.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!