Pinportak kostaldera iristeko mehatxuaren aurrean ekintza-plana zehaztu du Gipuzkoako Hondartzen Mahaiak

Andrea Zipitria 2024ko urt. 12a, 14:38
Gipuzkoako Hondartzen Mahaia gaur goizean bildu da. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Toconao itsasontzitik isuritako pelleteak kostalera iristeko arriskuaren aurrean, gaur goizean bildu da Gipuzkoako Hondartzen Mahaia, eta ekintza-plana aurkeztu du. Hala, kutsadura posibleari erantzuteko, hondartzetako zaintza indartuko da, garbiketa areagotuko da eta bitarteko materialak eskuratuko dira. Bileran izan dira Orioko, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako udal-ordezkariak. 

Gipuzkoako Hondartzen Mahaia bildu da gaur goizean, pinportak kostaldera iristeko mehatxuaren aurrean ekintza bateratuak ezartzeko asmoz. Bileran izan dira Orioko alkate Anuska Esnal, Getariako alkate Haritz Alberdi, Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza eta Zarauzko Zerbitzuetako zinegotzia den Iban San Martin eta Gloria Vazquez, Ingurumeneko zinegotzia.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak koordinatu du hitzordua. Bertan, Gipuzkoako hondartzetara pelletak iristeko mehatxuaren aurrean, gaur egungo egoeraren berri eman zaie udal-arduradunei, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak ezarritako jarduera koordinatuko protokoloaren zirriborroa jakinarazi da.

Hala, Portugalgo uretatik datozen pelletak Gipuzkoako kostaldera iristeko arriskua dagoela ikusita, alerta-fasean gauzatuko diren jarduketak ondorengoak izango direla zehaztu da:

  • Hondartza guztiak egunero zaindu eta ikuskatzea: Zaintza-zerbitzua sendotuko da, obra-zuzendaritzako hiru pertsonak eta zuzendaritzako bi teknikarik parte hartuta. 
  • Garbiketa-zerbitzua indartzea: 15 pertsonako garbiketa-ekipo gehigarri bat jarriko da.
  • Pellet-laginak biltzea: Hondartzen arabera bereizitako eta etiketatutako poltsetan bilduko dira laginak, AZTIrekin koordinatuta, laginak bidaltzeko eta alderatzeko, Galiziatik datozen laginen zain.
  • Larrialdi-faserako baliabide materialak eskuratzea: 100 zedazo eta kubo erosi dira, bai eta ontziak, edukiontziak eta bahegailu trinkoak ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!