Infantil mutilek garaipena lortu dute Gipuzkoako Batel Ligaren estreinaldian

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 14a, 12:00

ZAE Zarautz Arraun Elkarteak antolatuta jokatu dituzte lehenengo estropadak eta kategoria absolutuan eta jubenil nesketan salbu, gainerako guztietan hartu dute parte Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ontziek.

Urola Kostako arraun taldeek dagoeneko abiatu dute Gipuzkoako Batel Liga. Atzo arratsaldean jokatu zituzten lehenengo estropadak Orion, ZAE Zarautz Arraun Elkarteak antolatuta. Guztira, 78 batel aritu ziren lehian zortzi kategoriatan banatuta adinaren eta sexuaren arabera. Jubenil nesketan eta maila absolutuan izan ezik, kategoria guztietan izan zen eskualdeko ontzi bat, gutxienez.

Lehenengo jardunaldiak utzitako sailkapenei erreparatuta, infantil mutiletan lortu zituzten emaitza onenak Urola Kostako arraun taldeek; izan ere, Oriok graipena lortu zuen eta Zarautz A-k bigarren postua. Zentzu horretan zehaztu behar da, oriotarrek ez dutela liga lehiatuko. Atzokoan, estropada etxean zelako hartu zuten parte.

Zumaiak eta Getariak ere lortu zituzten emaitza onak. Nesken promesa mailan, esaterako, bigarren postua lortu zuten gorriek eta hirugarrena marroiek. Ikusi hemen sailkapenak osorik.

Antolatzaileak, bestalde, gustura agertu dira atzoko lehen jardunaldia "oso ondo" atera zelako. Zentzu horretan, eskertuta agertu da Jon Artola ZAEko presidentea: "Zarauzko Arraun Elkartetik zoriondu egin nahi ditugu atzoko eguna posible egin duten boluntario guztiak, entrenatzailetatik hasita".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!