Bihar izango da 'Pornografia gaur egungo heziketa ote?' hitzaldia

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko urt. 15a, 14:25
Gazte bat sakelako telefonoa eskuetan duela. (Pixabay)

Eider Goiburu sexu hezitzaileak gidatuko du saioa eta hitzaldian parte hartu nahi duten gurasoek izena eman behar dute aldez aurretik.

Pornografiak haur eta gazteen sexu-heziketan jokatzen duen paperari buruzko saioa egingo dute bihar Orion, 18:00etan kultur etxean. Gurasoei zuzendutako Pornografia gaur egungo heziketa ote? hitzaldia Eider Goiburu aditu oriotarrak emango du, eta parte hartzaileek gaiarekin lotura duten edukiak landuko dituzte bertan, modu dinamiko batean. Hitzaldiarekin gaur egungo eredu pornografikoa aztertuko dute; nerabeen artean gailentzen den eredu pornografikoak iruditegian duen eragina azaleratu, ikuspegi hezkidetzaile batetik; nerabeen hezkuntza-prozesuan sexualitate aske eta osasuntsu baterako gakoak eskaini; gurasoak sexualitate-eremuko heziketa-lanetan ahaldundu, eta familiek dituzten bizipen, kezka, galdera, eta abarrak beste familiekin partekatzeko espazio bat sortuko dute.

Hitzaldia Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimenaren barruan antolatu dute, eta gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Saioan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago lotura honetan, eta antolatzaileek jakinarazi dute hitzaldia antolatzeko ezinbestekoa izango dela gutxienez 10 lagunek izena ematea.

Edozein zalantza argitzeko, herritarrek jo dezakete Orioko Udaleko Gazteria sailera, Julen Idarreta Cardona teknikariarengana.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!