Indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko protokoloa osatu dute Orioko Udalak eta eragileek

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko urt. 15a, 16:05
Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa osatu duten eragileetako eta Orioko Udaleko ordezkariak. (Orioko Udala)

Behin protokoloa sinatuta, horren edukia ezagutarazteko hiru saio ireki antolatu ditu udalak urtarrilean eta otsailean Saregile Emakumeen Etxean. Saioen helburua izango da protokoloaren edukia herritarrei eta kirol eta hezkuntza alorretako profesionalei helaraztea, indarkeria matxista kasuen aurrean nola jokatu jakin dezaten.

Erakundeen arteko arreta eta koordinaziorako tokiko protokoloa, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan txostena osatu dute Orioko Udalak eta herriko hainbat eragilek, eta gaur sinatu dute dokumentua. Saregile Emakumeen Etxean bildu dira Orioko alkatea eta zinegotziak; gizarte zerbitzuetako arduradunak; udaleko kultura, euskara eta hezkuntza sailetako eta Saregileko teknikariak; Orioko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako ordezkariak; herriko bi ikastetxeetako ordezkariak eta Osakidetzako arduradunak.

Sortzen Aholkularitza Enpresak gidatuta landu dute protokoloa, eta txostenaren helburua da "arreta-zerbitzu publikoek biktimei harrera eta arreta hobea ematea. Gainera, zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea" ere badu xede, "emakumeen biktimizazioa saihesteko eta Orio indarkeria matxistarik gabeko herria izan dadin urratsak ematen jarraitzeko". Hala, protokoloa sinatu duten eragileek dokumentuan adierazi dute "indarkeria matxista emakume izate hutsagatik gertatzen" dela. "Emakumeen aurkako indarkeria matxistak botere-harreman sozialak erreproduzitzen ditu. Ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko harremanetan desberdintasun hierarkikoari eusten zaio, eta lehenengoak mendekotasun egoeran geratzen dira", zehazten du dokumentuak. Gainera, emakumeen aurkako indarkeria matxistak komunitate osoari eragiten diola azpimarratzen da bertan, biktimen ingurune hurbilenetik komunitateraino, eta agerian uzten du indarkeriaren ondorioak bizi dituzten norbanako guztiak kontutan hartzeko beharra. Azkenik, dokumentuan zehaztu dute protokoloa "etengabe hobetzeko" proposamena dela, eta koordinatzeko eta jarraipena egiteko prestatu diren espazioetan hautematen dituzten beharretara egokituko dutela.

Behin protokoloa sinatuta, horren edukia ezagutarazteko hiru saio ireki antolatu ditu udalak urtarrilean eta otsailean Saregilen. Saioen helburua izango da protokoloaren edukia herritarrei helaraztea, indarkeria matxista kasuen aurrean jokatzeko oinarriak zein diren jakin dezaten.

Informazio saioak

Urtarrilak 17, asteazkena, 18:00etan: Kirol arloko eragileekin bilera.
Urtarrilak 31, asteazkena, 18:00etan: Hezkuntzaren alorreko eragileekin bilera.
Otsailak 12, asteartea, 18:00etan: Herritarrentzat saio irekia.

Urtarrileko bileretan kirolaren eta hezkuntzaren alorreko profesionalek jarraibide zehatzak jasoko dituzte egoera horietan inplikatuta egon litezkeen kasuetan nola jokatu eta zer egin jakin dezaten.

Saioetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da honako lotura honetan. Hiru saioak euskaraz izango dira, baina herritar orori zuzendutakoan xuxurlari bidezko itzulpena eskainiko da. Beraz, aukera hori erabili nahi duten herritarrek formularioan zehaztu beharko dute eta Telegram aplikazioa deskargatu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!