Maider Etxaniz: "Nadeth Agirreren lekukoa hartzea ardura ikaragarria da"

Andrea Zipitria 2024ko urt. 19a, 12:32

Maider Etxaniz da Orio Arraunketa Elkarteko emakumeen taldeko patroi berria. (Utzitkoa)

Nadeth Agirreren ordez jardungo du Maider Etxaniz oiartzuarrak Orio Arraunketa Elkarteko emakumeen trainerua gidatzen. Presiorik ez duela sentitzen dio, baina bai ardura handia.

Arraunak badu zerbait katigatzen duena. Ondo daki hori Maider Etxanizek (Oiartzun, Gipuzkoa, 2000). Oso gaztetatik San Juanen jardun zuen patroi lanetan, eta duela bi urte arrauna alde batera uztea erabaki zuen. Azken Kontxako estropadak, ordea, emozioak dantzan jarri zizkion oiartzuarrari, eta aurten, horiz jantziko da. Nadeth Agirreren lekukoa hartuko du.

San Juanen aritu zara azken urteetan patroi lanetan, eta duela bi urte utzi egin zenuen arrauna. Nolakoa izan da buelta? Zerk bultzatu zaitu berriz ere arraunean hastera?
Udan grina sartu zitzaidan berriz ere arraunean hasteko; Kontxako estropadan, bereziki. Orduan, ordea, ez nuen inongo kluben eskaintzarik. Orain, aukera suertatu zait, eta baiezkoa eman dut.

Nolatan Orion?
Nadeth Agirrek iragarri zuen arrauna utzi egingo zuela, eta patroi faltan ziren oriotarrak. Ate joka ibili dira, eta nirekin egin dute topo.
Nadeth Agirreren lekukoa hartuko duzu. Arraunaren historian pisu handia izan du Agirrek. Zer esan nahi du zuretzat haren lekukoa hartzeak?
Jende askok galdetzen dit ea presiorik sentitzen ote dudan, eta guztiei ezetz esaten diet, baina ardura ikaragarria da. Bera hainbeste urtez partoi izanda eta lorpen asko erdietsita, ardura handitu egiten da.

Nola hartu zaituzte oriotarrek?
Oso ongi, beso zabalik. Lehenengo bilerako momentutik oso eroso sentitu naiz.

Dagoeneko hasi zarete entrenamenduekin. Nolakoa izan da hasiera? Zer sentipen izan dituzu orain arte? 
Ondo ari gara entrenatzen. Niretzat aldaketa handiena Oriora etortzea izan da, eta talde berrira egitea; taldeko harreman hori sortzea. Orain helburua izango da poliki-poliki neguko lanak ondo egitea. Ikusiko dugu gero nora iristen garen.

Zein uste duzu izango direla zuen aurtengo aurkari zuzenak?
Aurreko urtean ikusi zen Donostiarra oso sendo ibili zela; Arraun Lagunak taldeak ere maila ona erakutsi zuen, eta Tolosak zer esanik ez, Kontxako estropadan egundokoa lortu zuten. Polita izango da aurtengo denboraldia ere.

Zein izango da zure aurtengo ametsa?
Uste dut arraunlari guztion ametsa dela Kontxa irabaztea. Orain, lanak ondo egiten saiatuko gara, eta ondoren etorriko dira gerokoak. Aurten posible ez bada, datorren urtean izango da.

Orduan, epe luzera begira bertaratu zara Oriora, ezta?
Aterik ez dut itxiko nik. Ikusiko dugu lehenengo lanak nola egiten ditugun. Orain harremanak sendotu behar ditugu.

Erreferenterik ba al duzu lemazain moduan?
Boteprontoan, ez, baina egia da Orio Arraunketa Elkartean Nadethek, adibidez, urte asko egin dituela patroi lanetan. Beraz, bera izango da nire erreferente.

Arraun kulturari dagokionez, kirolarekiko atxikimenduan antzeman al duzu aldaketarik Oriora etorritakoan?
Orain dela aste batzuk beste elkarrizketa bat egin zidaten, eta booma izan zuen; ez nuen espero halakorik. Egia da, ordea, izan naizen bi klubetako herria oso inplikatuta dagoela arraunarekin. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide