Begotxu Olaizolaren lana aitortuko du Kultura Katalanaren Kanpo Hedapenerako Institutuak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 27a, 10:00
Begotxu Olaizola durangaldean egindako mobilizazio batean ANCren Euskal Herriko koordinatzailea zenean. (anboto.org)

Josep Maria Batista Roca-Enric Garriga Trullolsen Oroimenezkoa saria emango diote hizkuntza eta kultura katalanak munduan zabaltzeko egin duen ahalegina eskertzeko.

Kultura Katalanaren Kanpo Hedapenerako Institutuak Josep Maria Batista Roca – Enric Garriga Trullolsen Oroimenezkoa saria emango dio Begotxu Olaizola Zarauzko bizilagun eta Orioko Herri Ikastolako irakasleari. Hizkuntza eta kultura katalanak munduan zabaltzeko lana eskertzeko ematen dute aipatu saria. Hala, Olaizolak arlo horretan azken urteotan egindako ekarpena aitortuko du erakunde katalanak.

Zarauzko bizilaguna Euskal Filologian lizentziatua da eta handia da hizkuntza gutxituekiko duen konpromisoa. Horren erakusle da 2020an jaso zuen beste aitortza. Tunika urdineko druida izendatu zuten galestarrek. Orduko hartan 30 urtetan Gales eta Euskal Herriaren arteko harremana sustatzeagatik egin zioten aitortza; izan ere, parte hartzea zuzena izan du galestarren ordezkaritzentzat antolatutako ekitaldietan eta itzultzaile lanetan.

ANC Kataluniako Asanblea Nazionalak Euskal Herrian duen ordezkaritzako koordinatzaile ohia ere bada Olaizola, eta, apirilaren 12 eta 13ko asteburuan Bartzelonan egingo duten ekitaldian jasoko du Kataluniako erakundearen aitortza. Harekin batera, beste bederatzi lagun ere sarituko dituzte: Elias Campo, Anna N. Schlegel eta Philip D. Rasico estatubatuarrak; Salvador Pane eta Mireia Domenech suitzarrak, Esther Barnet argentinarra, Antoni Arca korsikarra, Carmina Munte britaniarra eta Madrilgo Castellera kuadrilla.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!