Aritz Pardinak irabazi du Orioko hitzen eta esamoldeen beka

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 28a, 16:30
Aritz Pardina Orioko liburutegian (Aitziber Arzallus)

Orioko Udalaren eskutik 3.000 euro jasoko ditu herriko hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatzeko. Lan hori egiteko sei hilabeteko epea izango du.

Orioko Udalak herriko hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatu nahi ditu, belaunaldi berriek horien berri jakiteko eta normaltasunez erabiltzea bultzatzeko. Horretarako, gazteei zuzendutako beka deialdia egin zuen urtearen bukaeran, eta jasotako proposamenen artean, Aritz Pardina oriotarrarena hautatu du. Honek 3.000 euro jasoko ditu, eta sei hilabeteko epe izango du lan hori egiteko.

Orioko hitzak eta esamoldeak biltzea eta jasotzea izango da bere zeregina, eta eskura dauden iturriak erabiliko ditu: oriotarrei egindako grabazioak, Orioko euskarari buruzko argitalpenak, herriko euskaltzaleek egindako lanak, elkarrizketak eta abar. Ondoren, osatutako bilduma euskarri digitalean antolatu beharko du txukun-txukun.

Zabaltzeko modukoak diren hitz eta esamoldeak aukeratzeko orduan, ondorengo irizpideak hartuko ditu kontuan: hitzaren edo esamoldearen indar espresiboa, gazte-hizkerarako izan dezakeen erabilera, genero-ikuspegia, zabal hedatzeko modukoa izatea…  Aukeratutako ale horien zabalpenerako euskarriak diseinatu eta sortu beharko ditu Pardinak, Orioko Udalak lagunduta, eta horien hedapenean lagundu. Guztia amaitutakoan, egindako lanari buruzko memoria aurkeztuko dio bekadunak udalari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!