Zero Zabor proiektua martxan jarri du Orioko Herri Ikastolak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko urt. 29a, 18:16
Orioko Ikastolaren atarian jarri dute Zero Zabor makina. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Ikastolako jangelan soberan geratzen den janaria herritarren eskura jarri dute doan. Helburua da "Ikastolan sortzen diren hondakinak gutxitzea", eta era berean "hezkuntza komunitateari eta herri osoari ekarpena" egitea.

Pasa den astetik abian da Orioko Herri Ikastolaren Zero Zabor proiektu solidarioa, eta jangelan soberan geratzen den janaria, kontserbatu, behar den bezala ontziratu, etiketatu eta herritarren eskura jarri dute doan Ikastolaren atarian kokatu duten makinan. Proiekturen helburua da "Ikastolan sortzen diren hondakinak gutxitzea", eta era berean "hezkuntza komunitateari eta herri osoari ekarpena" egitea, azaldu du Amaia Ugalde Ikastolako zuzendariak. "Bide horretan egoera zaurgarrian dauden herritarrei lagundu badiezaiekegu hobeto. Guk nahi duguna da oriotarrak bertatik janaria hartzera animatzea, eta modu horretan beharra duena edo egoera zaurgarrian dagoena ere joango da inolako konplexu edo lotsarik gabe bertara, inor estigmatizatu gabe. Bertan eskainiko den janariak hiru eguneko iraungitze data izaten du. Beraz, behar handiagoa duten herritarrak egongo direlakoan edo lotsagatik janaria hartzen ez bada, zakarrontzira bota beharko dugu, eta pena litzateke ontziratzeko lana hartu ondoren alferrik galtzea", gehitu du.

Bi faseko prozesua 

Duela bi urte hasi ziren Ikastolako kideak ideia lantzen. "Jangelako soberakinekin zer egin genezakeen hausnartzen hasi ginen. Izan ere, bere garaian baserritarrei ematen zitzaien animaliei emateko, baina legeak zorroztu egin ziren arlo horretan, eta zakarrontzira bota behar izaten genuen soberan zegoen janari guztia". Hala, Hernanin hondakinen kudeaketaren inguruan egin ziren saio batzuetan ezagutu zuten Zero Zabor proiektua eta Ikastolarako egokia izan zitekeela pentsatu zuten. "Ikastolako Plan Estrategikoan jasangarritasunaren bidean pausoak ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta marko horretan sortu genuen proiektua". Bi urtez lantzen aritu ondoren, abian jarri dute jada eta "erantzun oso ona" izan duela nabarmendu dute.

Ideia sortzetik martxan jartzera hainbat urrats egin ditu Orioko Herri Ikastolak. "Gure helburua ez da izan proiektua martxan jartzea soilik, nahi dugulako ikasleek ere ekimenean parte-hartze zuzena izatea", azaldu du Unai Eizagirre Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak. Rexcatering Fundazioarekin eta Ausolanekin elkarlanean jarri dute ekimena abian, eta bi fasetan banatuta dago. Alde batetik, jangelako langileak arduratzen dira soberan dagoen janaria ontziratzeaz. "Sobratzen den bazkaria ontzi konpostagarrietan bildu ondoren, makina baten bidez kontserbaziorako tenperaturara jaisten da, eta modu horretan hiru egunez mantendu daiteke jateko baldintza egokian".

Prozesuaren bigarren zatiaz, berriz, ikasleak arduratzen dira. Eizagirrek adierazi dunez, ikasleek goizero aurreko egunean soberan geratu den janariarentzat etiketak egiten dituzte tablet baten bidez; inprimagailuan inprimatu eta ondoren ontzietan itsasten dituzte, janaria hartzen duenak informazio guztia eskuragarri izan dezan.  Bestalde, hotz-katearen garrantzia ere aipatu du Eizagirrek: "Prozesu honetan oso garrantzitsua da hotz-katea ez etetea, eta horregatik jangelatik makinara tenperatura mantentzen duten motxila berezietan eramaten dituzte ontziak ikasleek. Ikasgelan talde kooperatiboetan lan egiten dute eta proiektu honetan ere eredu bera mantendu dugu. Hau da, lau laguneko taldetan parte hartzen dute ikasleek Zero Zabor proiektuan eta lanak banatzen dituzte". Lehen Hezkuntza 5. mailako ikasleek abiatu dute ekimena, baina Ikastolako arduradunen asmoa da L.H. 3. mailatik 6. maila bitarteko ikasleek parte hartzea txandaka. "Ikasleak oso gustura daude, konturatzen direlako herriari ekarpen garrantzitsua egiten ari direla. Ekimenak berak ere erantzun ona izan du herritarren artean. Uste genuen lehen egunetan edo asteetan janaria soberan geratuko zela, baina ez da horrela izan. Jendea animatu da janari makinatik hartzera eta oso gustura gaude. Askok aipatu digute oso proiektu aberasgarria iruditzen zaiela, eta guk ere hala uste dugu. Horrelako proiektu oso egokiak dira ikastetxe edo ospitaletarako, jangela handiak ditugun guneetan janari asko soberan geratzen delako egunero eta alferrik galtzen delako". 

Ikasleek parte-hartze zuzena dute Zero Zabor proiektuan. (Orioko Herri Ikastola)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!