Libe Osa: "Fantasia errealitatera eraman beharreko zerbait dela uste dugu"

Andrea Zipitria 2024ko urt. 30a, 09:55
Libe Osa sexologoa. (Utzitakoa)

Fantasia erotikoen inguruan jarduteko tailerra antolatu du Orioko Emakumeen Etxeak. Ostegunean izango da saioa, eta Libe Osa (Zumaia, 1995) sexologoak zuzenduko du.

Zein da fantasia tailerraren helburua?

Tailerraren helburua da fantasia erotikoak lantzeko espazio bat sortzea. Fantasiek dituzten balioak lantzeko espazio bat izango da, fantasiak bizitzeko eta horiez gozatzeko baldintzak sortuko ditugulako. Taldean egingo dugu tailerra, taldeak indar handia ematen baitu. Modu horretara, ezagutu dezakegu zer gauza elkarbanatzen ditugun besteekin, eta horrek ahalbidetu ere egiten digu norberaren banakotasunei eta berezitasunei balioa ematen. Saiatuko gara fantasiak deskubritzen; desirak bezala, ezin ditugu guk aukeratu, deskubritu egiten dira.

Zein izango da tailerraren planteamendua?

Teoria edo ideien zati bat uztartuko ditugu, eta mugimenduan ere sartuko gara. Hitzen edo marrazkiaren bitartez, norberak bere gorputzaren esplorazioa egingo du.

Fantasia gai tabua al da?

Ez zaio duen balioa edo garrantzia ematen fantasiari. Askotan ez dugu hitz egiten horri buruz, beldurra edo deserosotasuna sortzen dizkigulako. Beste kasu batzuetan, berriz, fantasiek nahi ez dugun lekuetara edo gutaz jakin nahi ez ditugun gauzetara eramaten gaituzte. Nahasteak ere sortzen dizkigute, fantasia bakoitza errealitatera eraman nahi izaten baita.

Zentzu horretan, argitu nahiko nuke fantasiak, hau da, gure imajinazioan sortzen ditugun irudiak, badirela fantasia bizitzeko eta gozatzeko modu bat. Seguruenik jende askok gero errealitatera eramango ez dituen gauzekin amets egingo du, edo etikoki nahiz moralki ondo iruditzen ez zaizkion gauzekin. Horiek bizitzeko modu desberdinak daude. Halaber, kontuan eduki beharko genuke gure desirak eta fantasiak biografikoak direla; eragina dute gure bizitzan zehar edukitako bizipenek eta horiei ematen dizkiegun esanahiek. Hau da, gure gizartean dauden elementuek eragina dute gure desiretan, gure fantasietan.

Fantasiari dagokionez, ba al dago desberdintasunik emakumeen eta gizonen artean?

Egunerokoan ezberdintasunak dauden heinean, fantasian ere ezberdintasunak daude; fantasia edukietan edota fantasia horiek bizitzeko moduan, esaterako. Elkartzen garen emakumeen artean ere desberdintasunak izango dira. Taldeak balioko digu ikusteko zer aniztasun egon daitekeen. Horri guztiari balioa ematen saiatuko gara bi ordu iraungo dituen saioan.

Fantasietan irudikatutakoa ez lortzeak frustaziorik sortzen al du?

Bai, askotan pentsatzen dugu errealitatera eraman beharreko zerbait dela fantasia. Garrantzitsua da jakitea fantasia dela desira imajinaziotik bizitzeko modu bat, eta ez dugula zertan errealitatera eraman.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!