Lurraldeko ibaietan aingira berreskuratzeko plana abiatu du aldundiak

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 6a, 15:00

Hamar urteko iraupena izango du planak eta habitata hobetzeko eta lurraldeko estuario, padura eta ibai-sareko habitatak lehengoratzeko neurriak jasoko ditu, besteak beste.

Gipuzkoako ibaietan aingira berreskuratzeko plan integrala prestatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Planbak hamar urteko iraupena izango du, eta 2024 eta 2034 urte artean garatuko du.

Ohar baten bidez azaldu duenez, 2004an hasi ziren espezie hau babesteko lanetan eta 2008an lanketa hori sendotu egin zuen Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik azaldu duenez, "plan honek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako arroetan dagoeneko indarrean duena, eta arreta berezia ematen die aingiraren habitatak hobetzeari". Arrutik gaineratu du, "planaren barruan egindako txostenek uren egoera ona bermatzen badute ere, espeziea berreskuratzeko bidean aurrera egin ahal izateko beharrezkoa da esku hartzea, baldintza egokiak sortuz, eta gure lurraldeko ibai, padura eta estuarioetan aingiraren migrazioa eta biziraupena baldintzatzen duten oztopoak kenduz".

Aurkeztu berri duen plan integral honek helburu batzuk ditu, hala nola, espeziea ibai-arroetara gehiago erakartzea, arrantzak eragindako hilkortasuna ezabatzea, espezieak hartzen duen eremua handitzea, etorkizuneko ugaltzaileen kalitatea hobetzea eta jauzi hidroelektrikoetan hilkortasuna murriztea. Horiez gain, Oria, Urola eta Deba ibaien ibai-konektibitatea hobetu nahi du aldundiak, eta lan egingo du Txingudi, Oria itsasadarra, Urumea, Leitzaran, Araxes eta Oria Garaiko estuario eta paduretako habitatak leheneratzeko.

Plan integral honetan proposatzen diren neurriek ibai-jarraitutasuna hobetzea dute helburu, bokaletik tarte altuenetara. Planak estuarioak, padurak eta kostaldeko eremuak mantentzeko eta haien ingurumena hobetzeko ekintzak ere aurreikusten ditu.

Aingiraren kirol-arrantzaren debekua, 2009an ezarria, mantendu egiten da, eta aurreikusten da SEPRONAk egindako dekomisoetatik datozen angulekin birpopulatzeko lan egitea. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!