Joseba Saies: "Baikorra naiz; filosofia horrekin joango naiz txapelketara"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko ots. 8a, 13:00

Joseba Saies Arraunetxeko gimnasioan entrenatzen. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari Joseba Saiesek (Donostia, 1958) otsailaren 23an eta 24an ergometroko Europako eta munduko txapelketak jokatuko ditu Pragan.

Abenduaren hasieran lehen postua lortu zenuen British Rowing Indoor Championships 2023 txapelketan. Ezustean harrapatu al zintuen garaipenak ?

Ergometroan aritzea ez da uretan arraunean egitea bezalakoa, kanpo faktoreek eragin txikiagoa izaten dute. Horregatik, entrenamenduetan egiten diren denborak nahiko garrantzitsuak izaten dira erreferentziak hartzeko, eta banekien zein denboratan nenbilen. Txapelketa jokatu zen garaian, ordea, osasunez ez nengoen oso ongi, baina lortu nuen nire maila ematea. Aurkari izan nuen arraunlari batek iaz bigarren postua eskuratu zuen munduko txapelketan, eta pentsatzen nuen lehiakide gogorra izango zela. Hala ere, lortu nuen irabaztea eta oso gustura nago emaitzarekin; indarra eman zidan aurrera jarraitzeko. Gainera, horri esker lortu dut otsailaren 23an eta 24an Pragan jokatuko den Europako eta munduko txapelketak jokatzeko txartela.

Ez da, ordea, munduko txapelketara iristen zaren lehen aldia, ezta?

Ez, beste urte batzuetan ere sailkatu izan naiz, eta lortu dudan emaitzarik onena seigarren postua da. Aurten, berriz, dominaren bila noa. Aurreko urteetan beteranoen kategorian jokatu izan dut, 60-65 urte artekoen adin tartean, eta aurten, berriz, 65-70 urte artekoenera pasatu naiz. Beraz, nire mailan gaztea naiz. Arraunlariek 25 urte dituztenean lau-bost urteko aldea ez da nabaritzen, baina gure adinean, bai. Beraz, abantaila daukat 69 urtekoekin alderatuta.

Gaur egun ergometroan buru-belarri murgilduta zaude, baina urteak daramatzazu arraun munduan...

Gaztea nintzenetik egin dut arraunean. 17 urterekin hasi nintzen Donostiako Arraun Lagunak elkartean, eta, ondoren, piraguismoan aritu nintzen, 60 urte arte. Adin horretan, ordea, gaixotasun bat diagnostikatu zidaten, eta medikuak debekatu egin zidan uretara ateratzea, medikazioaren eraginez uretan zorabiatu egiten naizelako. Gaixotasun kronikoa da, eta saiatu naiz nire egunerokoa egoera berrira moldatzen. Niretzat kirola egitea oso garrantzitsua da, eta horregatik hasi nintzen ergometroan, arraunerako grina beste nolabait kanalizatzeko. Egunero saiatzen naiz ergometroan hamabost kilometro inguru egiten, eta, horrez gain, astean bitan gimnasioko lana egiten dut indarra lantzeko. Buru-belarri nabil horretan; aurten Espainiako lau proba jokatu eta laurak irabazi ditut.

Nazioarteko txapelketetan parte hartzeko, prestaketa lan handia behar al da?

Bai, gazte batek bezala entrenatzen dut nik. Apala naiz, baina lehiatzerakoan beti irabazi nahi izaten dut, baita bilobekin jolasten dudanean ere. Arerioak nire lagunak dira, baina txapelketan  irabazi egin nahi izaten diet; horrelakoa naiz. Hain zuzen, uste dut izaera lehiakor horrek motibatzen nauela aurrera egiteko.

Orain Pragako txapelketara begira al zaude?

Bai, ia urte osoa daramat horretan pentsatzen, denboraldiko helburu gisa markatuta bainuen. Hala ere, azken asteetan etenaldia egin behar izan dut prestaketan, ama zendu zaigulako. Kolpe gogorra izan da. Ez naiz fededuna, baina uste dut dagoen tokian dagoela indarra emango didala txapelketarako. Etenaldiaren ostean, astelehenean berrartu nuen prestaketa. Nire semea Espainiako Piraguismo Federazioko zuzendari teknikoa da, eta ematen dizkit gomendio batzuk. Asko daki, baina horrelakoetan gertatzen den bezala ez diot beti kasu egiten, nire senari eta esperientziari jarraitzen ere saiatzen naiz eta. Bi aste eskas falta dira txapelketarako, eta berez prestaketaren zatirik gogorrena egina dago. Egun hauetan lan bolumen txikiagoa egingo dut, txapelketara atseden hartuta iristeko. Deskarga deitzen diote fase honi.

Lehen aipatu duzu podiuma lortzea izango duzula helburu.

Bai, baina badakit ez dela erraza izango. Beterano kategorian parte hartzen duten arraunlari asko bere garaian Olinpiar Jokoetara joandakoak dira, eta oraindik jarraitzen dute arraunean. Denborei dagokienez, ondo nabil, eta egunean bertan saiatuko naiz nire onena ematen. Lana egina dago. Baikorra naiz, eta filosofia horrekin joango naiz txapelketara.

Beste herrialde batzuetan hemen baino ohitura handiagoa al dago ergometroan lehiatzeko?

Bai, Espainiaren izenean, nire kategorian dozena bat lagun lehiatuko gara; Frantziaren kasuan, hiru aldiz gehiago izango dira; eta Erresuma Batuaren, Herbehereen nahiz Ameriketako Estatu Batuen kasuan, askoz gehiago. Arraunketa olinpikoak indar handiagoa duen tokietan ergometroan aritzeko ohitura handiagoa dago. Gainera, pandemia garaian ergometroak indarra hartu du, eta gaur egun hemengo arraunlari askok ere badaukate ergometroa etxean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!