[EGUNERAKETA] Ane Lindane: "Emakumeok ez dugu izan erridikulurako askatasunik"

Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 15a, 10:38

Ane Lindane. (Utzitakoa)

Gaur 18:30ean Orioko Kultur Etxean izango da Ane Lindane umoregile bilbotarra herritarrei umore eta kritika sozial dosi galantak partitzen. Herriarekin sartzeko asmoa ere badu.

kasketarik ez omen du, baina soberan dauzka jakin-mina, hausnartzeko gaitasuna eta irakurtzeko zaletasuna. Ane Miren Hernandez Unda (Bilbo, 1988), Ane Lindane bezala ezagunagoa, aktore lanetan ibilia da, irratian esatari ere bai, eta iaz aurreneko liburua idatzi zuen –Hasta la potxola me teneis–. Bakarrizketak ere egiten ditu umorea eta kritika soziala uztartuz, eta gaur, 18:30ean, Orioko Kultur Etxean izango da, herritarrei umore pixka bat kutsatzeko asmoz. "Pare bat trago hartuta etortzen badira, hobeto", gomendatu du lasai asko. 


Zure bakarrizketen edo liburuaren izenburuei erreparatuta, esan daiteke gustuko duzula probokatzea, ezta?

Jorratzen ditudan gaiak ezohiko ikuspuntuetatik begiratu ohi ditut, eta, beraz, jartzen ditudan izenburuak ere ezohikoak izaten dira. Probokazioa ez dira, berez. Nik bilatzen dudana da barrea eragitea eta pentsaraztea; hau da, zerbait probokatzea jendearengan, ez soilik haserrea, baizik eta jendeak aldatzea bere ikuspuntua hain ohikoak diren gai batzuei buruz.

Jendeari pentsarazi, zuri eta beltz asko ikusten duzulako eta gris gutxi, edo zergatik?

Diskurtso batzuk oso normalizatuta ditugu, eta ez ditugu ia-ia aztertzen. Uste dut gizartean orokorrean pentsamendu kritiko falta handia dugula eta gauza asko normalizatuta ditugula, eta, beharbada, ez dira hain normalak. Horregatik, ikuspuntu desberdinak eskaintzea gustatzen zait, eta, zalantzarik gabe, mundua ulertzeko dudan moduagatik, beti umoretik egiten ditut gauza horiek.  

Jendearen erantzuna ere umoretik iristen al zaizu?

Orokorrean barrea izaten da feedbacka, noski, bestela ez nituzke bakarrizketak egingo. Barrea da, gainera, inteligentea zarenaren sintoma bat, eta jendea ez da askotan pentsatzen dugun bezain tontoa; azkarragoa izaten da. Baina batzuetan jendea asaldatzen da edo eskandalizatzen da gai batzuekin, eta hori ere interesgarria da, horrek esan nahi duelako pertsona horiek ez dutela sekula ikusi nik aurkezten dudan gaia perspektiba horretatik

Zer gai izaten dira arantzatsuenak edo oraindik tabuak?

Badaukat abortuari buruzko bakarrizketa oso bat, eta uste nuen 2024. urtean onartuagoa zegoela, baina ez, ikusten dut badagoela jendea oso serio, oso hotz gelditzen dena egiten dudan bakarrizketarekin, eta iruditzen zait oso beharrezkoa dela gai hori iluntasunetik ateratzea. Askotan hitz egiten da nahi ez diren haurdunaldiei buruz, eta abortua beti planteatzen da emakumeok sekula egin nahi ez dugun gauza bat bezala. Baina haurdunaldia ez bada planeatutako zerbait, abortua bada desiratzen duzun zerbait. Abortu desiratuak izena du nire bakarrizketak, eta izenburua bera perspektiba aldaketa oso handi bat da; iruditzen zait oso beharrezkoa dela tabu eta iluntasun horretatik ateratzea hain praktika mediku normala den hori. Eta, horretarako, umoretik jotzen dut nik. Batzuetan, gai batzuekin, fribolizatu beharra dugu; asko dramatizatzen da gai honekin, eta gehiegizko dramatizazio hori ere indarkeria mota bat da. 

Ostegunean Orion zer gai jorratuko dituzun aurreratzerik bai?

Umoregileok askotan erortzen gara autoerreferentzialtasunean, eta ni horretatik ateratzen saiatzen naiz. Euskarari buruz euskaraz askotan hitz egiten dugu, adibidez. Nik ere jorratuko dut gai hori, baina saiatuko naiz beste ikuspuntu batetik egiten: klasismo linguistikoari buruz ariko naiz. ETAri buruz, feminismoari buruz eta beste hainbat gairi buruz ere ariko naiz. 

Badakizu Orion ere badaudela tabu izan daitezkeen gai batzuk? Arrauna, esaterako. Herri bakoitzean sartzen al zara min eman dezaketen gauzekin?

Hau ezin dut kontatu zehatz-mehatz, baina bai, herri batera joaten naizenean, zuzenean hasten naiz barrabilak ukitzen. Justu hasi bezain pronto heltzen diot molestatzen duen zerbaiti; ezin dut esan Orion zer izango den gauza hori, bestela sorpresa galduko delako, baina...

Bakarrizketan klasismo linguistikoaz ariko zarela esan duzu. Zer da hori?

Bizkaitarra naizen heinean, askotan gertatzen zait entzun beharra euskaraz gaizki egiten dudala eta bizkaitarrok erdarakada asko sartzen ditugula. Baina konturatzen naiz beste zonalde batzuetakoek ere erdarakadak erabiltzen dituztela. Badirudi, ordea, bizkaitarronak okerragoak direla, eta oso toki zehatzetakoenak batez ere: Barakaldo, Sestao... Langile klasekoen euskara ez dago hain ondo ikusia. Askotan aurpegiratzen digute bizkaitarroi tz gaizki ahoskatzen dugula. Baina iparraldekoei inork esan al die r-ak gaizki ahoskatzen dituztela? Euskaraz hitz egiteko modu on bat dago, eta besteak ez dira onargarriak; horrekin analisi sozial bat egiten dut, eta konturatzen naiz beharbada errotuta egon daitekeela nolabaiteko klasismo batean: gure klase soziala gauza askotan islatzen da, baita gure hizkuntzan eta lengoaian ere, eta argi ikusten dugu gaztelaniaz, adibidez, Andaluziako doinua ez dagoela oso ondo ikusia; maila sozial baxuago batekin lotzen dugu. Baina gaztelaniak milioika hiztun ditu, eta euskara, berriz, hizkuntza gutxitua da, eta edozein hizkuntzarentzat hori zerbait itsusia den arren, euskararen kasuan, hizkuntzari kalte ere egiten dio.


Bakarrizketen munduan gero eta emakume gehiago zabiltzate, baina kopuruz, gizonekiko aldea handia da oraindik...

Nik beti esaten dut matxismoak emakumeoi gauza asko ukatu izan dizkigula, eta horietako bat da erridikulua egiteko askatasuna. Emakumeok egin behar ditugun gauzak beti izan behar dira finak, kukiak, politak... Duinak izan behar dugu. Baina erridikulurik gabe ez dago umorerik. Eta uste dut hori izan dela oztoporik handiena umorearen munduan sartzeko, izan ere, Euskal Herrian beti egon dira emakume antzezleak eta bertsolariak.