Interesa piztu du euskararen egoeraren inguruko hitzaldiak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko ots. 14a, 15:24

Salatxo aretoan 30 lagun inguru bildu ziren atzo Iñaki Iurrebasoren hitzaldian. (Jabier Zabaleta)

Iñaki Iurrebasok 'Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek?' hitzaldia eman zuen atzo Salatxo aretoan.

Atzo arratsaldean Iñaki Iurrebaso soziologo, EHUko irakasle eta UEMAko ikerketa-teknikariak hitzaldia eskaini zuen Orioko Salatxo aretoan, Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek? izenburupean. Orioko Udaleko Euskara Sailak espero baino jende gehiago bildu zen hitzorduan, 30 bat lagun, eta interesgarria izan zela nabarmendu du Orioko Udaleko Euskara teknikariak. "Lehenbiziko kolpean, Iñaki Iurrebasok eman zituen datu batzuk etsigarriak ematen zuten, baina hori da daukagun errealitatea eta komeni da gauzak diren bezala ikustea, aurrerabidearekin asmatzeko". Ondoren, testuinguru horretan aurrera egiteko pista batzuk eman zituen adituak: "Azaldu zuen arnasguneak benetan sendotzeko politikak aktibatu behar ditugula; eskoletan ahozkotasunari erabateko lehentasuna eman behar zaiola, funtsezkoa delako euskaraz gaztelaniaz baino hobeto moldatzen diren hiztunak sortzea, eta horiek direlako gero erabileraren motorra…", aipatu du Zabaletak.

Ordu eta erdiko hitzaldia izan zen eta, bukaeran, herritarrek galdera dezente egin zizkioten Iurrebasori. "Badago interesa gaiarekin eta hori bera oso inportantea da, aurrerabidearekin asmatzeko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!