Garai berriak, erronka berriak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 17a, 14:08
Altxa Burua Orio taldeko kideak. (Utzitakoa)

Altxa Burua Orio taldea sortu da herrian, helburu argiarekin: nerabeek smartphonea erabiltzeko beharra murriztea eta lehenengo gailua eskuratzeko adin hori atzeratzea. Horretarako, mailaz maila biltzen ari dira gurasoak, eta egitasmoarekin bat egin dute herriko bi ikastetxeetako hezkuntza komunitateek ere. Karkarak gaia sakonago ezagutzeko erreportajea egin zuen otsaileko aldizkarian eta orain ikusgai dago sarean.

Abenduan Altxa Burua Orio taldea aurkeztu zuten Salatxo aretoan, gizartean pil-pilean dagoen gaia mahai gainean jarriz: nerabeak eta smartphonearen erabilera. Herri mailan taldea duela bi hilabete ezagutzera eman bazuten ere, guraso talde bat aspalditik ari da biltzen gaiaz hausnartzeko helburu jakin batekin: nerabeek sakelako telefonoa erabiltzeko beharra murriztea eta lehenengo gailua eskuratzeko adina atzeratzea. Guraso horietako batzuekin bildu da Karkara haien iritzia jasotzeko. "Duela hiru urte, seme-alabak LH 4. mailan genituenean, hasi ginen elkartzen. Izurriteak eragindako itxialdiaren ondoren, ohartu ginen gero eta ohikoagoa zela haurrak kalean jolasean ikusi beharrean, bata bestearen ondoan eserita aurkitzea, bakoitza bere pantailari begira. Kezkatzen hasi ginen, eta gaia gurasoon artean jorratzeko beharra sentitu genuen", azaldu du Lohitzune Solabarrietak. Izan ere, ordurako ohitura bihurtu zen gaztetxoei smartphonea ematea horiek DBHra iristen zirenean. "Zenbait gurasori iruditzen zitzaigun azkarregi zela. Nork erabaki du 12 urte edo LH 6. mailatik DBHra pasatzen diren unea dela seme-alabei smartphonea emateko une egokia? Gurasoak ez genituen erabaki horrekin gustura ikusten, baina inertziaz egiten zen, gaiaz hausnartu eta horrek nerabeengan zer ondorio izan zitzakeen pentsatu gabe", esan du Naiara Agirrezabalagak.

Hasiera hartan, "korrontearen kontra" zihoazela sentitu zuten zenbait kasutan, gizarteko zati handi batek smartphonearen erabilerari onurak ikusten zizkiolako. "Argi dugu edozein gurasok bere seme-alabari horrelako gailu bat ematen dionean pentsatzen duela egokiena egiten ari dela. Era berean, guk smartphonea edukitzeko adina atzeratu nahi dugu, uste dugulako beren garuna ez dagoela horretarako prestatuta. Eta ez gara ari deiak egiteko erabiltzen diren gailu sinpleez, Internetera konexioa izanda sare sozialetara, jolasetara eta beste milaka aplikaziotara sarbidea ematen duten horiez baizik". Talka egiten dute bi ikuspuntuek, baina gaiaren inguruan kontzientzia pizteko lanean hasi zen guraso taldea. "Bagenuen abantaila bat: gure seme-alabak ez ziren DBHko muga horretara iritsi artean, eta oraindik gaia lantzeko denbora genuela sentitzen genuen; eragitekoa, alegia". 

Altxa Burua Orio taldeko kideak ohartu dira pixkanaka joan dela auziaren gaineko interesa pizten. "Duela hiru urte guztiz ezezaguna zen azken hilabeteetan eztanda egin duen errealitate hori". Datuen arabera, "asko igo dira" nerabeen artean bakardadea eta depresioa bezalako buruko gaixotasunak, eta pornografiaren kontsumoaren gorakadak ere kezka piztu du gurasoen artean. "Guk aurreikusten genuen horrelako zerbait etor zitekeela, baina iritzi kritikoa ez zegoen zabalduta oraindik. Historian aldaketa guztiak horrela gertatzen dira. Hasieran gutxi batzuk konturatzen dira, beren egoerak ikuspegi jakin bat eskaintzen dielako, eta pixkanaka zabaltzen joaten da", aitortu dute taldeko kideek. 

Nerabeen smartphonearen erabileraren gaineko "mugimendu kritikoa indartu" egin da

Ainara Peñaren iritziz, hasiera hartan gaia mahai gainean jartzea zen garrantzitsuena, "hitz egiteko espazio bat" sortzea. "Norberak sentitu dezake kezka, baina taldean horiek partekatuta askoz errazagoa da erabakiak hartzea". Hala, ahalegin horretan "bakarrik ez egoteak norberaren printzipioei eusteko indarra" eman diela iritzi dio Agirrezabalagak. "Hasiera batean gaztetxoek ez dute gailua edukitzeko beharrik, baina nire semeari smartphonea ematen ez badiot eta bere lagun guztiek badute, haurrak izan ditzake arazoak besteekin sozializatzeko eta harremantzeko, eta hori gogorra da". Izan ere, teknologiaren arriskuetatik babesteko asmoz, beste mota bateko arrisku baten aurrean jar daitezke nerabeak. "Ez badira behintzat autoestimu handiko haurrak edo taldeko liderrak, lagunengandik baztertuak senti daitezke. Aldiz, kinta horretako guraso talde batek gailua ez ematearen aldeko hautua egiten badu, arazoak ekidin daitezke". Egindako ahaleginak eman ditu emaitzak, eta gaur egun DBH 1. mailako ikasleen artean erdiek dute smartphonea. Maila horretako gurasoen iritziz, "lorpen garrantzitsua" da, aurreko belaunaldietan "gehienak iristen zirelako maila horretara sakelako telefonoarekin".  

Mailaz maila bilerak

2011n jaiotako neska-mutilen gurasoek egindako bidea pixkanaka zabaltzen joan da, eta gaur egun herritar gehiagok egin dute bat ekimenarekin, eta mailaz maila biltzen ari dira gurasoak. "Garrantzitsua iruditzen zaigu gaia kintaka lantzea, beharrak ez direlako berak LH3. mailan edo DBH 1. mailan", zehaztu du Miren Unanuek. Azken hilabeteetan nerabeen osasun mentalaren inguruan ezagututako datuek, gainera, nerabeen smartphonearen erabileraren gaineko "mugimendu kritikoa indartu" egin dutela uste dute Altxa Burua Orioko kideek. "Herrietan taldeak sortu dira, komunikabideetan asko hitz egiten da horri buruz, eta gaiaren inguruko ikerketak eta liburuak argitaratzen ari dira", azaldu du Eneritz Paredesek. Abenduaren 14an egin zuten taldearen aurkezpenean, esaterako, "uste baino jende gehiago" bertaratu zela aitortu du. "Belaunaldi eta perfil oso desberdinetako gurasoak etorri ziren, eta gaiaren inguruko kezka badagoela nabaritzen da". 

Sakelako gailua haurrak etxetik kanpora eramaten duenean ez dakigu zer nolako erabilera egiten duen

Hala ere, jakin badakite badaudela gurasoak beren ikuspuntuarekin bat ez datozenak, baina horiek ere mailaz maila antolatzen ari diren bileretan parte hartzea nahi lukete, "esperientziak elkarbanatzeko" asmoz. "Norberak bakarrik daki zer egoera duen etxean, eta gu ez gatoz inoren erabakia kritikatzera. Hasieratik gure asmoa izan da gaiaz hausnartzeko eztabaida-gune bat sortzea. Agian egongo dira gurasoak beren seme-alabei telefonoa ematera behartuta sentitu direnak, inguruak hala bultzatuta, baina nahi lukete gailu horren erabilera osasuntsua sustatu. Horretarako ere balio dezakete antolatzen ditugun bilerek", proposatu du Unanuek. Hala, gurasoei taldeetara hurbiltzeko deia egin diete. Batzuek taldean aktiboki parte hartu nahiko dute, eta beste batzuk, aldiz, entzutera joango dira. "Guztiak izango dira ongietorriak, gaiaz hausnarketa egitea delako garrantzitsuena". Argi dute kinta bakoitzeko gurasoak batzeak ematen diola zentzua ekimenari, "modu horretan lortuko dugulako smartphonearen erabilera atzeratzea". Gaztetxoak DBHra iristen direnean, berriz, "urratsez urrats" joan behar dela uste dute: "Ea lortzen dugun sei hilabete atzeratzea, eta hori lortutakoan, ea beste sei hilabete... Iritsiko da eguna hemen gaudenok ere smartphonea emango dieguna gure seme-alabei. Azken batean, badakigu euren lagunak sakelako telefonoa edukitzen hasten direnean, gurasook nolabait galdu egiten dugula erabakitzeko gaitasuna, nerabeei gailua edukitzeko beharra sortzen zaielako", aitortu dute. "Une hori iristen denean, erabilera osasuntsuan jarri beharko dugu arreta".

Sarea sortzen

Nerabeen smartphonearen erabilera atzeratzeko bidean, Altxa Burua Orio taldeko kideei ere garrantzitsua iruditzen zaie gurasoez gain, herriko elkarte eta erakundeak ere gaiarekin kontzientziatuta egotea eta sarea zabaltzea. Urratsak ematen ari dira ildo horretan, eta abenduan proiektua abiatu zuten Arkupe Elkartearekin. Herriko 40 establezimendutan eta udal eraikinetan pegatina identifikagarriak jarri dituzte, eta aurrerantzean, haurrek eta nerabeek pegatina hori ikusten dutenean jakingo dute bertako telefonoa erabil dezaketela behar duten deia egiteko. "Arkuperengana jo genuenean oso harrera ona izan zuten, eta gustura gaude izan duen erantzunarekin".   

Taldeak uste du herriko norbanako eta erakundeek eskutik joan behar dutela. "Kirol taldeetan, esaterako, Whatsapp bidez komunikatzen dira askotan. Orain arte ohitura zen LH 6. mailara arte gurasoen taldeen bidez komunikatzea eta DBH 1etik aurrera haurren taldeak sortzea. Gurasook ahalegina egiten ari bagara smartphonearen erabilera atzeratzeko, garrantzitsua da elkarte horiek beharrik ez sortzea, eta eurek ere ohitura batzuk aldatzea. Gauza bera gertatzen da eskolan ere. Ikastetxeetan normalizatuta zegoen DBHn ikasleek horrelako gailuak izatea, eta inertziari jarraituz, sakelakoarekin proiektu bat edo beste egiteko eskatzen zieten ikasleei. Horren aurrean, herriko eskolekin bildu ginen, eta joera horiek aldatzeko ahalegina egiten ari dira. Aitortu behar dugu bi eskolek jarrera bikaina izan dutela eurengana jo dugunean". Azken finean, orain arte inertziaz, hausnartu gabe egin dena, "atzera bueltatu" nahi du Altxa Burua Orio taldeak, eta teknologia berrien inguruko beste kultura bat sustatu haurren artean. Solabarrietaren esanetan, ez da gizartean hori gertatzen den lehen aldia, badirelako "beste ohitura batzuk atzera bueltatu direnak, osasunarentzat kaltegarriak direla" frogatu denean. "Duela 30 urte, esaterako, espazio publiko gehienetan erre zitekeen, baina gaur egun toki gehienetan debekatuta dago. Denborarekin tabakoak sortzen dituen kalteak ezagutu dira, eta aldatu egin dira joerak. Teknologia berrien erabilerarekin ere antzekoa gertatuko da. Gailu potente bat iritsi zaigu esku artera guztiok aztoratu gaituena, eta horren erabilera hobetu beharko dugu".

Menpekotasuna sortzeko prestatua

Altxa Burua Orio taldeko kideek smartphonetan jarri dute fokua, uste dutelako horiek gainontzeko gailuak baino arriskutsuagoak izan daitezkeela. "Sakelako gailua norberarena da, pertsonala, eta haurrak etxetik kanpora eramaten duenean, ez dakigu zer nolako erabilera egiten duen. Hori esku artean dutenean jolasteari uzten diote, eta lagunen artean harremantzeko eta aisialdia bizitzeko modua ere aldatu egiten da. Etxe barruan arauak ezartzea askoz errazagoa da, etxetik kanpora, berriz, lausotu egiten da gaia, nahiz eta familian prebentzio lana egin", azaldu du Paredesek. Ildo horretan, gogorarazi du smartphonetan erabiltzen diren aplikazioak erabiltzaileei "menpekotasuna eragiteko" sortuak daudela. "Doakoak dira, erabiltzaileok bihurtzen garelako produktua. Perfila argia da. Sare sozialetara neska gehiago engantxatzen dira, eta jokoetara, mutilak. Menpekotasuna sortzeko prestatuta daude, eta horrek eragina du pentsaeran, jokabidean, adimen emozionalean eta adimenetan. Helduoi eragiten badigu, zer sortuko du gaztetxo eta nerabeen garunean?", bota dute galdera. 

Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal adituek Orion egin zuten Nerabeen Garrasia liburuaren aurkezpenean, esaterako, hainbat datu esanguratsu azaldu zituzten. "Euskal Autonomia Erkidegoan hamar nerabetatik lauk jo behar izaten dute psikologoarengana, bakardadeari eta teknologia berriek sortutako arazoei aurre egiteko. Lehen haurrek eta nerabeek lagunekin gatazkak zituztenean, etxera iristen zirenean gune seguru batean sentitzen ziren. Gaur egun, ordea, etxera heldutakoan gelan sartzen dira beren gailuarekin, eta jarraitzen dute kalean bizi duten gurpil zoro berean. Gainera, lehen familietan aurrez aurreko harremana askoz ere zuzenagoa zen. Orain, kide bakoitzak bere gailuan murgildurik pasatzen ditu orduak, eta haurrak eta nerabeak bakarrik sentitzen dira. Zenbat aldiz egin ote diegu errieta haurrei gailuarekin entretenituta geundenean molestatu egin digutelako? Gurasook ere badugu zertaz hausnartua".   

Hala, gurasoen erabileraren inguruan ere jarri dute fokua: "Haurren eredu izan nahi badugu, jabetu behar dugu guk ere baditugula ohitura okerrak. Taldean hitz eginda, horiek guztiak identifikatu ditzakegu, eta egoki ikusten badugu, zuzentzen saiatu", aipatu du Peñak. Argi dute gurasoak ere "kontraesanetan murgilduta" daudela. "Haur eta gaztetxoen erabilera mugatu nahi dugu, baina gu geu ere bizitza smartphonearen bitartez ikustera ohitu gara. Oporretan, askok denbora gehiago pasatzen dute sare sozialetara igotzeko argazkiak ateratzen, inguruaz eta oporrez gozatzen baino. Edo haurren emanaldietan ohikoa da guraso guztiak ekitaldia grabatzen ikustea, zuzenekoari arreta jarri beharrean. Eguneroko jarduera mordoa egiten ditugu smartphonearen bitartez. Gaia oso zabala da, eta ertz asko ditu. Horregatik, proposatu dugu helduok barne hausnarketa egiteko erronka, badugu zer hobetua eta".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!