Asmo berriak ez daitezen izan urtero berriak

Ainara Manterola Ikutza 2024ko ots. 19a, 11:18
Emakume bat kirola egiten mendian. (Pixabay)

Karkara aldizkariko otsaileko aleko Akuilua hartuta atalean, kirolaren eta osasunaren inguruan jardun du mintzatzen Ainara Manterolak. Orain, irakurgai dago sarean. 

Eta hemen gaude beste urtebetez urte berria hasita hamaika asmo berrirekin. Sarritan ezerezetik gehiegiren bila. Prozesuak ulertu eta lantzearen beharra ikusten dut nahiko argi. Bizi ohituren aldaketetan sinetsi eta lana hartu ordez, emaitza azkarren bila saiakera frustratuak dira nagusi. Betiko leloaren betiko leloa, konturatzerako beste mila eginbeharrek, askoz ere garrantzitsuagoak nola ez, gure kirolerako tartea kentzen berriz ere.
 
Aldaketak sustraietan eman behar dira, eta bide hori ez da klik batekin egiten, landu behar den zerbait da. Kirola egiteko arropa berrienak, erlojua, koloretako kantinplorak, influencerren aholku benetan mediokreak eta kirol arropa marka desberdinen app-ak jarraituz entrenatu edo horrelako zer edo zer egin eta konstantziaren bila mugimendu ez eraginkorrak. Ezerezetik Behobia, maratoia edo konpetiziorako helburu anbiziosoegiak… Osasuna zaintzeko asmotan, oraingoan bai full pack, baina betiko legez, oinarria berrantolatu gabe, helburu erreal eta osasuntsuak falta, norbere kasuak baloratu gabe, egoera, baliabide eta benetako ohitura aldaketen aurrean blokeatuta.
 
Ongi dago ilusio berriak izatea, asmo berriak, gogoa etab. Baita kirolera edo bizitza aktiboago bat izatera eramango zaituen motibazio txikiak bilatzea aurreko paragrafoan aipatu ditudan kontuekin, baina pentsatu ondo eta erantzun galdera honi zure barnean: kirolari dagokionez hartzera zoazen errutina edo asmo berri horrek urte osoan zehar dinamika hori mantentzeko adina motibatzen al zaitu? Eta urte osoan zehar mantentzeko adina? Bizi osoan zehar? (Pentsatu motibazioan, ordutegietan, izan ditzakezun edo dituzun lesioetan, etab.). Kirolarekin duzun harremana hobetu, gustura egin eta motibazioa konstante mantenduz zure bizitzan integratzea aste pare batean lortuko duzula uste al duzu?
 
Ez naiz ari bizi osoan zehar praktika zein intentsitate berdinak mantentzeaz, baina bai zure jarduera fisikoa, kirola edo sedentarismotik aterako zaituen denbora hartzeaz. Lehentasun bezala. Zure osasunean, egunerokotasuneko ongizate fisiko zein mentalean, zahartze prozesu osasuntsu batean inbertitzen duzun denboran baizik. Orokorrean ez dago oso heziketa eta harreman ona aipatutakoarekin, gure osasuna eta ongizatea zaindu, hobetu eta lesio zein gaixotasuna arriskutik aldentzen laguntzen digun arma potente honekin, hain zuzen. Sedentarismo tasa larria da benetan, pertsonek kirola egin beharrarekin sentitzen duten pereza, beldurra eta atzerakoa handia da.
 
Bestalde, kirol edo jarduera praktika desberdinen aukeraketa desegokiak ere ez dute laguntzen atxikidura hori lortzen: intentsitate eta dosi desegokiak, programazio eskasak, helburu ez oso errealak, etab. Hor arazo handi bat ikusten dut. Lesiora garamatzaten kirol praktikak gorputza prest izan gabe (korrika egitea ohikoena), gaizki planteatutako gimnasioko lanak (kardio gehiegi, oso intentsitate baxuetako indar lana, teknikoki gaizki eginiko ariketak, zentzurik gabeko programazioak etab.).
 
Gomendio asko eman ditzaket bizi estiloak osasunera eta aktibotasunera bideratzeko asmoz; ziur asko, gainera, ezagunak egingo zaizkizu. Baina geroz eta argiago daukat; aldaketa, landu behar den prozesu bat da. Jarduera fisiko edo kirolarekin zein bakoitzak bere gorputzarekin eta gaitasunekin izan ohi duen harreman txar hori konpontzetik hasi behar du prozesuak. Bakarrik edo profesionalen laguntzaz hasiera batean, baina helburua izan behar da zerbait jasangarria, motibagarria, konstantea eta ongi sentiarazten gaituena bilatzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!