Nomad Raid bidaia solidarioa gaur atera da Oriotik Marokora

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 18a, 13:15

Peugeot 205 motako 80 bat ibilgailu bildu dira asteburuan Orioko Antilla hondartzako aparkalekuan, eta bertatik abiatu dute 12 egun iraungo dituen 4.000 kilometroko bidaia

Gaur eguerdian Nomad Raid bidaia solidario eta kulturalak Marokorako bidaia hartu du. Peugeot 205 motako 80 bat ibilgailu bildu dira asteburuan Orioko Antilla hondartzako aparkalekuan, eta bertatik abiatu dute 12 egun iraungo dituen 4.000 kilometroko bidaia. Helburua da basamortuan bizi diren haurrei eskola-materiala eta bizikletak eramatea. Izan ere, auto bakoitzean bizikleta bat eramango dute bidaiariek, eta guztira 40 kilo eskola-material banatuko dute basamortuko herrixketan.

Jatorri frantziarra du Nomad Raid ekimenak, baina urtero munduko txoko askotatik iritsitako herritarrek parte hartzen dute kirol abentura horretan. Antolatzaileek argi dute, "ez da lasterketa" bat, "orientazioa eta gidatzeko gaitasuna proban jartzen dituen abentura baizik. Abentura tourren tradizioa oinarri duen ekimena da, solidaritatea eta herrialde eta inguru berriak ezagutzeko grina dituena". 

Argazkiak: Onintza Lete Arrieta

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!