Oriotarrek sahararren kulturan murgiltzeko aukera izango dute larunbat eguerdian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko ots. 21a, 10:04

Minatou Abdala, Fatima Sid eta Lamat Ali sahararrak Orioko plazan. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Saharar herriaren eguna ospatuko dute larunbatean GueraraOrio elkarteak antolatuta, eta herritarrak parte hartzera animatu ditu Orioko saharar komunitateak.

Otsailaren 27a egun garrantzitsua da sahararrentzat. Izan ere, 1976ko egun horretan Saharako errepublika aldarrikatu zuten, Espainiako Estatuak han zuen azken kolonia utzi zuenean. Egun hori beren independentziaren aldeko eguna bilakatu da geroztik, nahiz eta Espainiak Sahara utzi orduko Marokok eta Mauritaniak horien lurrak bereganatu. Saharako herriak geroztik aurre egin dio okupazio horri, eta askatasun aldarriak indartsu dirau oraindik. Horregatik, Orioko saharar komunitateak saharar herriaren eguna ospatuko du larunbatean herritarrekin batera. Eguerdian, udaletxeko balkoian, ikurrinarekin batera Mendebaldeko Saharako bandera jarriko dute Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatzeko, eta herriko hainbat emakume saharar balkoira igoko dira euren irrintzia plazan barrena zabaltzeko. Euskal irrintzia ere izango dute lagun ahalegin horretan, bi herrien arteko harreman estua irudikatzeko.

Sahararen aldeko festa solidarioa larunbat eguerdian izango da herriko plazan, GueraraOrio elkarteak antolatuta. Eguerdiko ekitaldiaren ondoren, Saharako kultura ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Lamat Ali, Minatou Abdala eta Fatima Sid antolatzaileek azaldu dutenez, haima bat jarriko dute plazan, eta bertan herritarrek aukera izango dute tea hartzeko eta henna marrazkiak egiteko. "Gure helburua da oriotarrak sahararron kulturan murgiltzea, eta bi herrien arteko zubiak eraikitzea. Oriotarrek oso ondo erantzun ohi dute errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko janari bilketak egiten ditugun bakoitzean, eta guretzat garrantzitsua da Saharako gatazka eta gure herriaren egoera gizarteratzea eta gure kultura ezagutaraztea", azaldu du Alik.   

Munduko kultura gehienetan bezala, janaria oso elementu garrantzitsua izaten da sahararren ospakizunetan, eta Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatzeko hango zaporeez beteko dute plaza larunbatean. Saharako plater tipikoa, kuskusa, banatuko dute haiman, eta errazioa 6 euroan eta haragi pintxoa 7 euroan egongo dira salgai. "Sahararrok gure herrialdea utzi behar izan genuen. Ordutik asko munduan zehar sakabanatuta bizi gara, eta beste asko Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan. Larunbatean plazan prestatuko dugun platera, ordea, gure plater tipikoa da, gure amonek gure lurraldean zeudenean ere prestatzen zutena, geure-geurea», adierazi dute hiru emakumeek.

Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan egoera "oso gogorra" dela aitortu dute aspalditik Orion bizi diren hiru emakumeek, eta, horregatik, bildutako dirua kanpalekuetako familia behartsuen artean banatuko dutela adierazi dute, janariaz gain, horixe baita bertako herritarrek uneotan gehien behar dutena.