Eguraldiak baldintzatuta, baina giro onean ospatu dute Sahararen aldeko eguna

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 24a, 16:00

Aurten, gainera, izan da berrikuntza bat. Hain zuzen ere, Jokin Uranga herritarra omendu du saharar komunitateak, haien alde egindako lan guztia aitortzeko.

Eguraldia nahi bezalakoa izan ez bada ere, Orioko saharar komunitateak saharar herriaren eguna ospatu du gaur hainbat herritarrekin batera. 12:00etan, udaletxeko balkoian, ikurrinarekin batera Mendebaldeko Saharako bandera jarri dute Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatzeko, eta herriko hainbat emakume saharar balkoira igo dira euren irrintzia plazan barrena zabaltzeko. Euskal irrintziak ere izan du bere tokia, eta horiek guztiak txalo zaparradarekin babestu dituzte herritarrek. 

Aurten, gainera, izan da berrikuntza bat. Hain zuzen ere, Jokin Uranga herritarra omendu du saharar komunitateak, haien alde egindako lan guztia aitortzeko. Urangak "pozez eta ilusioz" hartu du aitortza, eta azaldu du laguntzen jarraitzeko prest dagoela. Ondoren, 13:00etan, Saharako janaria eskaini dute plazan jarri duten espazioan: cuscus errazioa 6 euroan eta haragi pintxoa 7 euroan egon dira salgai. Bildutako dirua errefuxiatu kanpamenduetako familia behartsuen artean banatuko dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!