Ikusgai daude Xanti Manterolari eta Patxi Danbolini egindako elkarrizketak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 26a, 13:30

Xanti Manterolak Biga proiektuan ere parte hartu zuen 2018an.

Orioko adineko jendearen ahozko testigantzak jaso eta katalogatzeko elkarlanean ari dira Orioko Udala eta Badihardugu elkartea. Dagoeneko 18 oriotarren testigantzak jaso dituzte bertan.

Orioko Udalak garrantzi handia ematen dio bertako euskararen transmisioari, eta horretarako aspalditik elkarlanean dihardu ahotsak.eus webgunea kudeatzen duen Badihardugu elkartearekin, "Orioko adineko jendearen ahozko testigantzak jaso eta katalogatzeko". Hala, udalak jakinarazi du webgune horretan argitaratu berri dituztela Xanti Manterola Azpirozi eta Patxi Oliden Gonzalez de Txabarriri egindako elkarrizketak. Manterolari iaz egin zion elkarrizketa Eider Arruti oriotarrak eta nagusiki itsasoko kontuak izan zituzten hizketagai. Oliden zenaren elkarrizketa, berriz, orain dela urte batzuk egin zuen Iñigo Gaiton oriotarrak Orioko curriculumaren lanketaren baitan, eta orain landu eta jarri dute ikusgai.

Orioko Udalak herriko adinekoen hizkerari merezi duen garrantzia eman nahi dio. "Adineko jendea altxor bat da, emateko asko daukana: hizkuntza bizi-bizia, eskarmentua, jakintza, kontakizun ederrak… ahotsak.eus ekimena abiatu duen Badihardugu elkarteak Euskal Herri osoko lagunen ondare hori biltzen du eta, Orioko Udalarekin elkarlanean, gure herriko jendearen testigantzak ere jasotzen ari da". Ildo horretan dagoeneko 18 oriotarren testigantzak jaso ditu Badihardugu elkarteak.

Udalaren eta Badihardugu elkartearen asmoa da testigantzak jaso eta katalogatzen segitzea eta, pixkanaka, hasitako lana osatzen joatea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!