Ander Errasti: "Aurten berrikuntza bezala, dantza tradizionalak euskal kantu ezagunekin uztartuko ditugu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 28a, 08:54
Ande Errasti pasa den urteko dantza emanaldian ikasleak animatzen. (Arnaitz Rubio Aprea)

Danbolin Musika Eskolako dantza ikasleek emanaldia eskainiko dute martxoaren 3an, 17:00etan hasita, Orioko Karela kiroldegian. Ekitaldiaren aurrerapen gisa, saioaren hainbat xehetasun azaldu ditu Ander Errasti dantza irakasleak.

Iganderako antolatu duzue dantza emanaldia. Zer eskainiko duzue oraingo honetan?

Ikasturteko ekitaldirik garrantzitsuena otsaila-martxoa inguruan egiten dugu urtero. Oraingo honetan bi zatitan banatu dugu ekitaldia. Alde batetik, musika eta mugimendu ikasleek, 4-5-6 urtekoek, saio txiki bat eskainiko dute urtaroak gaitzat hartuta. Ondoren, LH 2. mailatik DBH 2. mailara bitartekoen txanda izango da, eta euskal dantza tradizionalak eta koreografiak egingo dituzte. Azken horiek LH 6. mailakoekin eta DBHkoekin jorratzen ditut nagusiki, ikasleek sormena lantzeko. Bestalde, aurten, berrikuntza bezala, euskal dantza tradizionalak zertxobait aldatzeko, euskal kantu ezagunekin uztartuko ditugu. Betiko dantzak izango dira, baina euskal kantuen doinuez jantziak, eta horiek zuzenean eskainiko dituzte musika eskolako ikasle eta irakasleek.

Zer moduz hartu dute ikasleek berrikuntza?

Hasieran arraroa iruditu zaie. Euskal dantza tradizionalak diren bezala ikasten ditugu guk, berezko doinuekin, eta aldaketa egitea pixka bat kostatu zaie. Hala ere, nahi dut beraiek ikustea dantza tradizionalarekin ere jolas daitekeela. Ni berritzailea naiz zentzu horretan, eta gustatzen zait ikasleek hainbat aukera daudela ezagutzea. Gero erabakiko dute zer gustatzen zaien gehiago, baina probatzea da garrantzitsua.

Koreografietan ikasleekin sormena lantzen duzula aipatu duzu. Beraiek ere parte hartzen al dute sortze prozesuan?

Bai, beraiek aukeratzen dute musika, nire oniritziarekin. Koreografiari dagokionez, ordura arte ikasitako pausoen artean aukeratzen dugu musikaren erritmoan zer sar dezakegun eta zerk funtzionatzen duen. Nik bideratzen ditut prozesu horretan: batzuetan beraien proposamenak izaten dira eta besteetan nireak, baina elkarlanean egiten saiatzen gara. Talde lanean aritzeko dinamikak lantzea ere gustatzen zait, gehiengoaren iritzia kontuan hartuta erabakiak hartzen ikastea, alegia.

Ikasleak igandeko emanaldirako prest al daude?

Bai, gustatzen zaie jendaurrean dantza egitea. Eguna iristen ari den heinean urduri jartzen hasten dira, eta batzuetan egunean bertan urduri daudelako dantza ahaztu zaiela ere sentitzen dute zenbaitek. Hala ere, orokorrean, asko gustatzen zaie ikasitakoa familiakoen eta lagunen aurrean aurkeztea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!