Danbolin Musika Eskolako ikasleek hainbat emanaldi eskainiko dituzte datozen asteetan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko mar. 9a, 13:30
Danbolin Musika Eskolako ikasleak frontoian kontzertua eskaintzen. (Aiora Larrañaga)

Danbolin Musika Eskolako ikasleek emanaldiak eskainiko dituzte martxoaren 14tik 21era bitartean. Gainera, martxoaren 22an, Danbolin Musika Eskolako bandak eta Lezoko Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako bandak kontzertua eskainiko dute Herriko Plazan.

Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleek hainbat emanaldi egingo dituzte martxoan, 2. hiruhilekoari amaiera emateko. Alde batetik, Musika eta Mugimendua lantzen duten 4, 5 eta 6 urteko haurrek ikasturtean zehar ikasitakoak erakutsiko diete senide eta lagunei taldetan banatuta. Adin horretako seme-alabak dituzten gainerako familiak saiora gonbidatu ditu musika eskolak haurrek zer lantzen duten ezagutu dezaten. Hauek izango dira saioak:

  • Martxoak 18, astelehena. 5 urtekoak, 17:00etan kultur etxean.
  • Martxoak 18, astelehena. 4 urtekoak, 18:00etan kultur etxean.
  • Martxoak 20, asteazkena. 5 urtekoak, 17:00etan kultur etxean.
  • Martxoak 21, osteguna. 6 urtekoak, 17:00etan kultur etxean.

Horrez gain, musika tresnen entzunaldiak ere antolatu dituzte martxoaren 14tik 21era bitartean. Guztira, zortzi emanaldi egingo dituzte, sei kultur etxean eta bi Arraunetxen. Hona hemen egitaraua:

  • Martxoak 14, osteguna. Klarinete eta saxofoiko entzunaldia, 17:30ean kultur etxean; eta tronpeta, flauta eta txistuko entzunaldia 19:00etan kultur etxean.
  • Martxoak 15, ostirala. Pianoko ikasle txikien entzunaldia, 17:30ean Arraunetxen; eta pianoko ikasle helduen entzunaldia, 19:00etan Arraunetxen.
  • Martxoak 19, asteartea. Gitarrako entzunaldia, 17:30ean kultur etxean.
  • Martxoak 20, asteazkena. Biolineko entzunaldia, 19:00etan kultur etxean.
  • Martxoak 21, osteguna. Banda Txikiren entzunaldia, 18:15ean kultur etxean.
  • Martxoak 21, osteguna. Perkusioko entzunaldia, 19:00etan kultur etxean.

Ikasleak gogotsu ari dira emanaldiak prestatzen, eta herritarrei emanaldietara bertaratzeko gonbita egin diete.

Bandaren elkartrukea

Gainera, martxoaren 17an, igandean, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandak elkartrukea egingo du Lezoko Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako bandarekin. Bi bandek kontzertua emango dute Lezoko Herriko Plazan, 12:30ean, eta martxoaren 22n, ostiralarekin, Orioko Herriko Plazan elkartuko dira, 19:00etan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!