Orioko Udalak Salto! udalekuetan parte hartzera animatu ditu herriko gazteak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 10a, 13:00
Salto udalekuak. (UEMA)

UEMAk antolatzen ditu Salto! udalekuak gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko, eta aurten bi txanda egingo dituzte, ekainaren 24tik uztailaren 2ra eta uztailaren 4tik 12ra.

UEMAk Salto! udalekuak antolatu ditu aurten ere, eta helburua da gazteek opor-giroan ondo pasatzen duten bitartean euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea. Hala, aurreko urteetan izan duten arrakasta ikusita, bi txanda antolatu dituzte aurtengo edizioan: lehenengoa ekainaren 24tik uztailaren 2ra eta bigarrena uztailaren 4tik 12ra. Txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua izango da, eta 2006 eta 2009 urteen artean jaiotako gaztetxoek parte hartu dezakete.

Orain arte bezala, ibiltaria izango da ekimena eta Arantzatik Elizondorako bidea egingo dute, Doneztebe eta Oronoz-Mugaire zeharkatuz.

Orioko Udalak herriko gazteak animatu ditu Salto! udalekuetan parte hartzera. Izan ere, beti ekainaren bukaeran antolatu izan dira, San Pedro festekin batera, baina aurten bigarren txanda bat antolatu du UEMAk uztailaren hasieran, eta herriko gazteek aukera izango dute udalekuez gozatzeko. UEMAren udalekuetan izena eman daiteke martxoaren 31ra arte lotura honetan, 943 81 66 99 telefono zenbakira hots eginda, administrazioa@uema.eus helbidera idatzita edo Telegram edo Whatsapp bidez 608 66 81 55 telefono zenbakian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!